Jose Luis Abuin: "Maizago hartu beharko genituzke masajeak"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 8a, 10:56

Jose Luis Abuin, Maalako Errebalean duen kontsultan. (Argazkia: I.A.A.)

Osteopata da Abuin eta uste du herritar askok eusten diola minari espezialista batengana joan ordez; horren aurrean, dio "beti" saiatu behar dela mina arintzen.

Arrasateko kiroldegian eta Mendia jauregian lanean aritu ostean, duela bost urte erabaki zuen Abuin masajeak osteopatia zentroa Arrasate erdigunean, Maalako Errebalean, zabaltzea, emazte Maria del Puy Bidebururekin batera.

Nola murgildu zinen osteopatian?

Nerabezaroan kirola eta yoga egitea gustuko nuen, eta orduan deskubritu nituen masajeak. Gustuko jarduera profesional bihurtu zen. Ikastaroak egin, eta lanean hasi nintzen.

Zein da osteopata baten eta fisioterapeuta baten arteko ezberdintasuna?

Osteopatia masajea baino zertxobait eboluzionatuagoa da. Ez du alderdi fisikoa bakarrik tratatzen, alderdi estrukturala ere lantzen du. Fisioterapeuta batzuk badira osteopatak, baina beste batzuek makinekin egiten dute lan. Guk ez dugu gailurik erabiltzen; artisauak garela esango nuke. Eskuak erabiltzen ditugu.

Ohiko lesioak zeintzuk dira?

Urte asko daramatzagu lanean; denetarik dago. Askok mantentze-lana egiten dute. Beste batzuk estresa dela-eta giharretako molestiak dituztelako etortzen dira; antsietatea dutenak, lasaitzera. Arazo fisikoengatik ere etortzen dira: kirolariak eta gain-kargak edo artikulazio blokeoak...

Zertan laguntzen digu masajeak?

Mantentze-lanak erlaxatu egiten gaitu eta kezketatik deskonektatzen laguntzen dizu. Askotan, errutinatik ateratzea zaila da, baina, masajearekin hainbeste sentsazio bizitzen dituzunez, zeure burua deskonektatu egiten da. Gorputzak nahiz buruak zerbait positibo bezala ikusten dute hori. Maiztasun batekin hartu beharko genuke masajea. Estresatuta bizi gaitezke; hobe da tentsio horiek deskargatzea.

Lanaren alderik onena?

Asko gustatzen zait nire lana. Paziente bakoitzarekin egiten dut lan. Harreman ona sortzen da, laguntzeko baitzaude.

Masajeak eman ala jaso, zer duzu nahiago?

Hartzea nahiago dut, baina ematea ere asko gustatzen zait. Pertsona bati laguntzen diodala ikusteak asko pozten nau.

Mina dugunean asko kostatzen zaigu, kasu honetan, osteopatarengana joatea?

Askok eusten diote minari. Gainera, askotan pentsatzen da, adibidez, etxeko batek bizkarreko mina izan duelako norberak izatea normala dela. Batzuetan, ez dago konponbiderik, baina beste batzuetan, bai. Beti saiatu behar da mina arintzen.

Beste ogibide bat aukeratzekotan?

Ez dakit. Ziurrenik, naturarekin zerikusia duen zerbait aukeratuko nuke. Dena den, ez daukat nire lanbidea aldatzeko asmorik.

Maitasunez beteriko masajeak

"Profesionala ez den pertsona batek –bikoteak, gurasoak edo lagunak, besteak beste– masajea ematea arriskutsua izan daitekeen ideia existitzen da, baina uste dut ez dela hala. Maite duzun norbaiti masajea eman behar badiozu, goxo eta maitasunarekin ematen diozu. Hartzen duenak molestia nabaritu dezake, baina mina ematea zaila da. Min hartzeko, oso modu zakarrean eman behar da masajea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak