"Iruditegi berriak sortzeko garaia dela uste dugu"

Hasier Larrea 2022ko urr. 7a, 12:20

Ane Agirrek eta Miren Barrenetxeak egin dute aurtengo Maritxu Kajoiko kartela. Gizon-emakume dikotomiatik harago kokatzen diren pertsonei eman nahi izan diete protagonismoa festa iragartzeko irudian: "Aurreko kartelen aldean, desberdina da".

Diseinatzaileak eta lagunak biak, enkarguz jaso dute aurtengo Maritxu Kajoiko kartela egiteko lana. Olatz Artolak idatzitako testuarekin borobildu dute hausnarketarako mezua daraman proposamena.

Hasieratik erabaki zenuten gai hau azaleratzea?

Komisiñokuek esan ziguten nahi genuena egiteko, eta guk bi aukera aurkeztu genizkien: batak Maritxu Kajoiren orain arteko kartelen estiloari jarraitzen zion eta bestea desberdinagoa zen. Guk azken horren alde egin nahi genuen eta jaien antolatzaileek ere berdina adierazi ziguten. Eskertzekoa da, beraiek izan zirelako posizionatzen lehenengoak.

Argazkia da erabili duzuen teknika.

Maritxutako kartel gehienak ilustraziotik, infografiatik... eginak izan dira, baina guk errealitatea islatu nahi genuen, eta, horregatik, argazkiaren aldeko apustua egin dugu. Gaur egun, bisualki oso estimulatuta bizi gara, irudi bat 80ko, 90eko edo 2000ko hamarkadan kokatzeko gai gara, gutxi gorabehera. Beraz, gaur egungo estetiketara gerturatzea erabaki dugu, zerbait freskoa eta garaikidea proposatzeko. Irudi-banku libre batetik hartu dugu eredua, jakinda Arrasaten ateratako argazki bat ere izan zitekeela.

Hala ere, ez da irudi neutro bat.

Kartelak mezu politiko bat dauka: gorputz askeen aldarria. Beti da momentu ona gai hori lehen lerrora ekartzeko. Jendeak ikustea oso garrantzitsua da, eta zein erakusleiho hobea Maritxu Kajoi baino. Iruditegi bat sortzeko beharra ikusten dugu, eta pentsatu genuen protagonismoa ikusezin diren horiei emateko momentu ona zela hau.

Ze harrera jaso du?

Orokorrean, modu positiboan baloratzen dugu gure lanak jaso duen harrera. Badira harritu direnak ere, eta hau gaiaren gizarteratzerik ezaren isla da. Gustatuko litzaiguke aurrera begira halako kartelak deigarriak ez izatea, baizik eta gure iruditegian dauden ohiko pertsona moduan ulertzea. Bestetik, sorpresa jaso dugu, uste genuelako adin bat daukan jendeak ez zuela ulertuko agian gazteagoek uler dezaketen moduan. Baina nagusien aldetik ere erreakzio indartsuak iritsi zaizkigu, eta poztekoa da.

Irudiari jarritako hitzek lagundu dute mezua ulerkorrago egiten?

Esango genuke baietz. Behin kartela bukatuta, gure lagun Olatz Artolak idatzitako testuarekin osatu genuen. Heteropatriarkatua, cis, dikotomia, normatiboa… halako kontzeptuak azaltzen dira, eta egongo da jendea agian ez dituenak ulertuko, ez duelako gaian sakondu. Baina, askotan gertatzen den bezala, gauzak ulertzeko norberaren inplikazio minimo bat beharrezkoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak