Arrasateko jatetxeak udan hasten dira jasotzen urriko lehen ostiralerako mahaia gordetzeko deiak: "Oporretatik bueltan, abuztu bukaeran, establezimendua zabaltzearekin bat igartzen dugu mugimendua", adierazi dute, esaterako, Txoko II-ko ostalariek. Ostalaritzari dagokionez, egun honek badu berezitasun bat, negozio askok menu itxia eskaintzen dutela, hainbeste jakiren prestakuntza errazte aldera.
Erdiguneko zenbait arropa-dendatako erakusleihoek ere itxura desberdina aurkeztu dute azken asteotan, soineko eta traje beltzez josita azaldu baitira. Dena den, gutxika-gutxika joan dira desagertzen. "Nik abuztuan jarri nituen soinekoak eta poltsak salgai, eta guztiak saldu ditut; bezero askok ezkontzetarako ere erabiliko dituzte", azaldu du Violetta dendako saltzaileak.
Aurrez erositako trajeak garbitzen eta plantxatzen harrapatu ditu Goienak Deba-Prest tindategiko langileak. Zalantzarik gabe baieztatu dute Maritxu Kajoi egunak ematen diela urte osoan lan gehien: "Egunotan bereziki gizonezkoen arropak txukun jartzeko eskariak izaten ditugu, baina ospakizun egunaren ostean ere lanez gainezka ibiltzen gara. Gaur euria egiten badu, ez dugu pentsatu ere egin nahi ze piurarekin ekarriko dizkiguten arropak".
Ile-apaindegi eta estetika zentroetan, Alluren, adibidez, bestalde, aipatu dute "duela 10 urte" ohitura handiagoa zegoela ilea, aurpegia eta azkazalak apaintzeko profesional batengana jotzeko: Gaur egun, jende askok etxean egiten ditu kizkurrak, dirua aurrezteko modua ere bada eta".
Eraman loreak Maritxuri
Aldatu ez den joera ama birjinari loreak eskaintzearena da. 2019an, hogei koadrilatik gorak eskatu zuten sorta bana Buart loradendan, eta aurten, pandemiaren arrastoa atzean utzita, kopuru horren bueltan ibiltzea espero dute bertako langileek: "Erreserba bidez eskatutako loreak prest ditugu, baita aurrez abisatu gabe etortzen direnenengan pentsatutako sortak ere".