Maritxu itzuli da, hori bai miraria!

Hasier Larrea 2022ko urr. 7a, 09:23

Txikiteroen ama birjinari luze egin zaizkio azken hiru urte hauek, baita festazaleei ere. Hala ere, eta Maritxu Kajoi Komisiñuak adierazi duen moduan, "lagun artean ondo pasatzeko gogoa ez da desagertu". Gaur da elegante janzteko egun seinalatua.

45. Maritxu Kajoi izan beharko luke aurtengoak, baina 43.a izango da, koronabirusak eragindako bi alditako etenaldia tarteko. Egun batzuk igaro dira Maritxu Kajoi Komisiñoko kideek urriko lehen ostiralean ospatu ohi den jaia ohiko osagai guztiekin antolatuko zutela aurreratu zutenetik: "Heldu da urteko egun dotoreenaz gozatzeko ordua, armairuak zabaldu, hautsa kendu eta atera beharrekoak ateratzeko ordua!" Hori horrela, eskapularioak ezinbesteko protagonistei, txikiteroei, egingo die erreferentzia, Txikiteroak tabernetara esaldiarekin.

24 orduko parranda

Hala, prest dute gaur goizetik bihar goizera arte iraungo duen festa handiko egitaraua. 08:00etako, etxafuegoek ohartaraziko dute, oraindik despistaturik balego, txikiteroen zaindaria bueltan datorrela. 12:30ean irekiko du Txosna Batzordeak Monteazpin karpa, eta ordurako kuadrillak hasiak egongo dira ama birjinari lore-sortak eskaintzen, dedikazio eta guzti. Bazkalostean, 17:30ean, Pontx pailazoak haurrentzako ikuskizuna eskaini behar zuen Seber Altube plazan, baina bertan behera gelditu da hitzordua; hala ere, 19:00etan, erdiguneko kaleetan zehar entzungo dira Oria txaranga beteranoaren doinu alaiak; 21:00etan, miraria gauzatuko da Maritxuren bizitokian, hots, Herriko Plazako iturriaren inguruan; 23:00etan, dantzaldia eskainiko du toki berean Luhartz erromeria taldeak; 00:00etan, DJ Karpet's-ek jarritako kantuekin dantzatuko dute txosnagunean; eta hurrengo egunean, 08:00etan, txaranga irtengo da Monteazpitik.

2019ko mirarian, petardoen ikuskizuna.

Hori, egitarau serioari dagokionez. Izan ere, jakina da Komisiñuak umorea erabiltzen duela maritxutako ekintzen berri emateko, eta oraingoan ere bota dituzte zenbait perla; besteak beste, TAO sistema ulertzeko ikastaroa, Oñatiko lorategietara txangoa, argindar autokontsumo tailerra, Doke dema leninista, Tinder Outlet-a eta halako txantxak gehitu dituzte ekitaldien zerrendan.

Programazioa egiteko, ezinbesteko laguntza jaso dute Arrasateko komertzio askoren partetik; guztira, 54 jatetxe, taberna, loradenda eta eragilek babestu dute Maritxu Kajoi, eta guztiei esker ona erakutsi diete antolatzaileek. Baita programan ageri den bertsoen egile Ane Zuazubiskarri ere; herriko jaia izateaz gain, "herrikoia" ere izan dadila aipatu du testuan bertsolariak.

Goienaren jarraipena

Bailarako festa nagusi guztiekin egiten duen bezala, Goiena Komunikazio Taldeak bertatik bertara kontatuko ditu Maritxu Kajoi egunaren nondik norako guztiak. Zuzeneko saioa emitituko du Goiena telebistan eta sarean, 14:00etan hasita, Herriko Plazan kokatuko duen platotik. Bertatik pasako dira hainbat protagonista, hiru urteren ostean zer sentitzen duten kontatzeko. Gainera, jai-giroa nola dagoen erakutsiko duten pieza biziek ere tokia izango dute saioan, Aitor Agiriano zirikatzailea kalez kale ibiliko baita dotore jantzitako jendea xaxatzen. Eta asteon zein egunean bertan Arrasateko ile-apaindegiek, jatetxeek, dendek... ze erritmoan lan egin duten eta lan egiten ari diren ere ikusi ahalko du ikusleak erreportajeen bitartez. Hori ez ezik, photocall-a jarriko du Goienak Herriko Plazan, jaiaz gozatzera irteten diren kuadrillei argazkiak atera eta zeinen elegante eta pozik dauden erakusteko.

2019ko photocall-ean, talde argazki erraldoia.

Betiko Maritxu Kajoi

Batek baino gehiagok komeriak izango zituelako, ziurrenik, azken edizioko trajea edo soinekoa aurkitzeko garaian, hiru urte ez baitira alferrik pasa. Armairuko txokorik ezkutukoenean, hautsez beteta, egongo ziren maritxutako jantziak etxe askotan, eta, hortaz, txukun jartzeko ohi baino lan handiagoa hartuko zuten. Beste batzuek zuzenean herriko dendetara joko zuten, aurreko aldietako jantziak ezin aurkitu.

Esanak esan, jai berezi honen arima biziberrituta itzuli da; neska-mutilak kalean eskuz egindako paperezko loreak saltzen, Komisiñokuak eskapularioekin berdin, jatetxe guztiak afarirako, eta bereziki bazkarirako, lepo beteta, lagun-artea eta parranda. Ohiko ezaugarriek bat egingo dute kalean, baina, esan gabe doa, gozatzeko intentzioz arrimatzen direnek erantzukizunez jokatu beharko dutela. Maritxu Kajoik jadanik aurreratu du ez duela inongo erasorik onartuko, Ez, ezetz da! esamolde ezin argiagoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak