Euskaraldian izena emateko mahaiak jarriko dituzte datorren astetik aurrera

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urr. 5a, 17:26

Geroz eta gertuago dago Euskaraldiaren hirugarren edizioa eta, entitateez gain, norbanakoen izen-ematea ere zabalik dago jada. Hori dela eta, urrian zehar, izena emateko mahaiak jarriko dituzte Arrasaten. Lehena, urriaren 11an, martitzena, izango da, Arimazubin, 18:00etatik 20:00etara.

Mahaiak jarri aurretik, baina, aurreko astean bezala, Ahobizi eta Belarriprest kalera irtengo dira berriz ere asteon. Kasu honetan, Maritxu Kajoi eguna baliatuz, 11:00etatik 12:30ak aldera, dotore jantzita, bazterrak nahastu eta Euskaraldian izena emateko QRak banatzen ibiliko dira.

Ondoren, urriaren 11an jarriko dute lehen izen-emate mahaia. Arimazubi plazan, 18:00etatik 20:00etara. Urriaren 13an, eguena, Arbolapetan egongo dira, 18:00etatik 20:00etara. Astea amaitzeko, urriaren 15ean, zapatua, Seber Altube plazan egongo dira 11:30etatik 14:00etara.

Halaber, hurrengo asteetako izen-emate mahaien berri ematen joango dira sare sozialetan eta. "Hala ere, Euskaraldia.eus-en izena emateko sarbide zuzena duzue. Aurreko edizioetan parte hartu zuenak bere parte hartzea berretsi beharko du soilik eta bere rola aldatzeko aukera izango du. Parte hartzaile berria izanez gero berriz, bertan agertzen den galdetegi motza bete eta ahobizi edo belarriprest rola aukeratu beharko da izen ematea burutzeko".

Kuadrilla sarearen bilera

Bestalde, aurreko astean egin zuten Gazteok Euskaraldira ekitaldiaren ondoren, datorren egubakoitzean, urriak 14, Gazte Kuadrila Sarearen bilera egingo dute, 19:00etan, gaztetxean. "Euskaraldia bere inguruan zabaltzeko prest dauden gazteak gonbidatuta daude bilera honetan parte hartzera".

100 entitate

Entitateen izen-ematea urriaren 31arte egongo da zabalik eta 100dik gora dira, dagoeneko, Arrasaten izena eman dutenak. "Azken asteak dira hauek beraz, entitate bezala Euskaraldian parte hartu ahal izateko. Euskaraldia.eus web atarian, entitateak atalean sartu eta eman izena lehenbailehen. Laguntza behar izanez gero arrasate@euskaraldia.eus helbidera idatz dezakezu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak