Emun-ek leiho bat irekiko dio zalantzari topaketan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 30a, 14:00

25. urteurrenarekin batera, Eraldatzen jardunaldiak antolatu ditu Emun kooperatibak, eta topaketa egingo dute urriaren 6an Arrasaten. Lau izango dira gonbidatuak, eta bakoitzak beretik hitz egingo du zalantzen askotariko adibideak emateko

25 urte bete ditu aurten Emun aholkularitza kooperatibak, eta, gizarteari ekarpena egiteko asmoz, Eraldaketan jardunaldiak antolatzen dihardute maiatza ezkero, Zalantzari leiho bat lelopean. Online saioak egin dituzte orain artean, baina aurrez aurreko topaketa eta ekitaldi batekin emango diote amaiera urteurrenari, urriaren 6an, Emuneko lantaldeak dioen eran, zalantzari leiho bat irekita.

"Batetik, asmoa da bakoitzak bere zalantzei begiratzea, eta, bestetik, topaketetako gonbidatuen esperientzietatik zalantzen adibideak jasotzea", azaldu du Emuneko lantaldeak. Haien hitzetan, hipotesia da gizarte eraldaketan egonda ezinbestekoa dela zalantzan jartzea egungo errealitatearen zati txiki bat. "Hori nahi dugu esploratu. Horri ate bat edo leiho bat ireki nahi diogu".

Lau hizlarien esperientziak

Maiatzean eta ekainean online topaketak egin ostean, aurrez aurrekoa 09:45ean hasiko da datorren eguenean. Naiara Goiak eta Nico Cuencak online saioetako analisi bana egingo dute, lehendabizi, eta, ondoren, eraldaketa esperientziak partekatuko dituzte Santi Ormazabalek, Julen Mendozak, Amaia Asuak eta Arantza Santestebanek. "Esparru ezberdinetako pertsonak ekarri nahi genituen, arlo bakoitzean egon daitezkeen zalantzarako aukerak behatzeko, eta bakarrera ez mugatzeko".

Ormazabalen kasuan, automobilgintza sektorean dihardu lanean, Panelfisa enpresan daramatza zuzendari ia 30 urte, eta haren ikuspegia ekartzeko nahia dute. Mendozari dagokionez, ibilbidea eginikoa da Errenteriako (Gipuzkoa) alkate, eta, Emuneko kideen arabera, orduko hartan gauza "dezente" jarri zituen zalantzan. Asuak, berriz, euskara ikastea izango du mintzagai. "Euskara plan bati esker euskaldundu zen, eta eskatu dioguna da kontatzeko haren esperientzia, ea zer pasatzen den euskara ikastetik euskaraz bizitzera, ea pertsonak berak zein zalantza dituen pauso hori ematean". Santesteban 918 gau filma estreinatzear da, eta hor planteatzen diren zalantzak izango ditu gogoan, aurkeztear den doktore tesikoekin batera.

Barnera bidaia bat

Emunen nahia da topaketetan parte hartuko duten hizlarien esperientziak bertaratzen direnen barne bidaietarako baliagarriak izatea. "Azkenean, ulertzen duguna da hara joango garen denok eraldaketan gaudela, esparru ezberdinetakoak, baina antzeko lanean; nahi duguna da pixka bat arakatu gutako bakoitzarengan zein aukera dauden zalantzari leiho bat irekitzeko". Lan horretan, Ainhoa Lasa Emuneko lankidea eta coaching-ean jarduten dena arituko da. Galdera batzuk botako dizkie airera bertaratuei, norberak beretik erantzuteko. "Hura izango da gidari bidaia horretan".

Topaketak 13:30ean amaituko dira, eta, amaitzean, Emunekoek jakinarazi dute ekitaldi bat egingo dutela. Are gehiago, luntxa ere egongo da.

Ekitaldia, aitortzarako

Ekitaldian, Emun sortzerakoan lan hori egin zutenak, haren beharra identifikatu zutenak, jarriko dituzte zentroan, eta baita kooperatiba bizirik irauten lagundu dutenen lana aitortu ere. "Emunek iraun badu izan da gure bezeroek gizarte eraldaketarekiko konpromiso bat eduki dutelako; azken batean, instrumentu bat gara".

Izan ere, haien hitzetan, orain 25 urte lan esparrua euskalduntzeko beharra identifikatu zuten Arrasateko eta Debagoieneko zenbait euskaltzalek, eta hala hasi ziren martxan jartzen egun Emun den proiektua, enpresak euskalduntzeko asmoarekin.

Bada, jende hori guztia omenduko dute topaketen amaieran, eta, gainera, aurreratu dute dantzari bat ere egongo dela. Dena den, datorren eguenera arte itxaron beharko da gainontzeko xehetasunak ezagutzeko.

Bitartean, oraindik izena emateko epea zabalik dago www.eraldaketan.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak