Urteurreneko ospakizunetan murgilduko da asteburuan Arrasate Musikal

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 27a, 14:46
Igor Larrañaga, Edorta Aiastui eta Marta Izagirre, kartelarekin, prentsa agerraldian.

2022-2023 ikasturtean beteko ditu 50 urte Arrasate Musikalek eta, hain zuzen, askotariko ekintza eta emanaldiak egiteko baliatuko dute ikasturtea, urteurren berezi hori ospatzeko asmotan. Lehen hitzordua zapatu honetan dute, 18:30ean, Monterronen. Banda gazteak eta helduak elkarrekin eskainiko dute kontzertua eta aurrez kalejira bat ere egingo dute.

40. urteurrenean ere egin zituzten askotariko ospakizunak eta, konturatu orduko, pasa dira beste hamar urte ere. Hala, gaur, martitzena, 50. urteurreneko ekintzen berri emateko prentsa agerraldia egin dute, Kulturateko areto nagusian. "Sasoitsu iritsi gara urteurren honetara eta ikasturte osoan hainbat ekintza egingo ditugu hori ospatzeko", adierazi du Marta Izagirrek, Arrasate Musikaleko zuzendariak. 

Gaurtik aurrera, esaterako, ikusgai dago mende erdiko ibilbidea ospatzeko egin duten bideoa. Horrekin batera, egutegi bat ere kaleratuko dute urrian, eta ondoren, azaroan, argazki erakusketa bat egingo dute Kulturaten. "Polita izango da, izan ere, ibilbide luzea da eta horrek askorako ematen du. Argazki asko jaso ditugu eta eskertuta gaude", dio Izagirrek.

Era berean, ikasturtean zehar hainbat hitzaldi ere egingo dituztela ere aurreratu dute, nahiz eta oraindik ez dituzten zehaztuta.

Herriko taldeekin elkarlanean

Ospakizunaren baitako emanaldiak "desberdinak" izango dira, herriko taldeekin elkarlana sustatuz, betiere. "Abesbatzekin agian elkarlan handiagoa dugu gure egunerokoan, baina badaude beste estilo batzuk gurekin bateragarriak direnak", azaldu du zuzendariak. Horren isla da, adibidez, The Potes taldearekin batera eskainiko duten emanaldia, 2023ko maiatzaren 20an, 19:30ean, Uarkape pilotalekuan.

Aurrez, ordea, bandaren eta orkestraren arteko elkarlana ikusi ahalko da, martxoaren 11n egingo baitute kontzertua, hau ere Uarkapen, 19:30ean hasita. "200 bat lagun izango gara guztira. Herriko abesbatzak ere elkartu gura ditugu, beraz, jende asko pilatuko da eta Uarkape aproposagoa da horretarako", zehaztu du Izagirrek. 

Ekainean, ikasturte amaierarekin batera, beste hiru ekintza ere egingo dituzte. Batetik, ekainaren 10ean, Debagoieneko Musika Eskolen Jaia egingo dute. Bestetik, ekainaren 24an, bandaren kontzertua izango da, 13:00etan, Monterron parkean (euria bada, Amaia antzokian). Azkenik, ekainaren 30ean, Arrasate Musikal Big Banden emanaldia egongo da Monterron parkean (euria bada, hau ere Amaia antzokian).

Musika herrira zabaltzea helburu

Herri mailan kultura musikal bat errotuta dagoela uste du Arrasate Musikaleko zuzendariak. "Hainbat eta hainbat kide pasatu izan dira Arrasate Musikaletik, eta gero bakoitzak bere bidea hartu du. Zenbait musikari irten dira gure eskolatik eta askotariko musika egiten dute, gainera: rocka, modernoa, herrikoia eta abar". 

Hortik harago, ordea, musika herrira zabaltzea eta herritarrengana gerturatzea da gaur aurkeztu duten programazioaren helburua. "Espero dugu 50 urte hauetako ikasle ohiak emanaldietara etortzea eta baita gaur egungoak ere. Era berean, instrumentu bat etxean daukan ikasle ohi horri dei egiten diot animatu dadila urteurreneko emanaldietan parte hartzera", dio Izagirrek. 

500 ikaslerekin, etorkizunera begira

Hasierako urteetan 300 bat ikasle baziren, gaur egun 500 ikasle inguru dira dagoeneko eta etorkizunera begira ere, beste horrenbeste haienetik pasatzea gurako lukete. Gainera, "ilusioz" daude, eskola berri bat zain dutelako. "Metalurgica Cerrajeran hasi ginen; gero Aprendicesera pasa ginen; orain Monterronen gaude eta gure lehengo etxera itzuliko gara, Juan Arzamendi Musika Etxera, hain zuzen", azaldu du zuzendariak. "Ea laster hara joateko moduan gauden. Estreinatzen dugunean, jende gehiago gurera erakarri ahal izango dugula uste dut".

Juan Arzamendi Musika Etxeak etapa berri bat abiaraziko du, eta hainbat erronka izango ditu, bide horretan, Arrasate Musikalek: "Teknologia berrietara egokitu, musika estilo ezberdinak landu eta ikasleen adin tartea zabaldu. Orain ere hurbiltzen zaigu adineko jendea, baina inoiz ez da berandu musikara hurbiltzeko eta gure ateak zabalik daude edonorendako".

EGITARAUA

2022

  • Irailean: Spot publizitarioa.
  • Urriak 1: 18:30ean, Monterron parkean, banda gaztearen eta helduaren kontzertua (euria bada, Amaia antzokian). Aurrez, kalejira bat egingo dute.
  • Urrian: Egutegia kaleratuko dute.
  • Azaroan: Argazki erakusketa egongo da ikusgai Kulturaten.
  • Ikasturtean zehar: hitzaldiak.

2023

  • Martxoak 11: 19:30ean, Uarkape pilotalekuan, bandaren eta orkestraren kontzertua.
  • Maiatzak 20: 19:30ean, Uarkape pilotalekuan, bandaren eta The Potes taldearen kontzertua.
  • Ekainak 10: Debagoieneko Musika Eskolen Jaia, egunean zehar, Arrasateko kaleetan.
  • Ekainak 24: 13:00etan, bandaren kontzertua, Monterron parkean (euria bada, Amaia antzokian).
  • Ekainak 30: Monterron parkean, Arrasate Musikal Big Banden kontzertua, ordua zehazteke (euria bada, Amaia antzokian).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak