Xavier Ferrasek, ESADEko berrikuntzako irakasleak, "bizi dugun garai bitxiari" buruz idatzi du La Vanguardia hedabidean berriki. Garaia parke teknologikoko ordezkariek idatzi hartan aipatutako honako ideia hau azaldu dute: "Eredu zaharra bukatzear dagoen artean, eredu berriaren jaiotzaren zain gaude. Bi garai ezberdinen mugan gaudela dirudi, une historikoan".
Ebidentzia moduan, azkenaldiko finantza eta etxebizitza arloko burbuilaren krisialdia, COVID-19a eta Ukrainako inbasioak areagotutako energiaren krisia zerrendatu dituzte. Era berean, zikloak laburtzen eta krisialdien arteko tarteak mozten doazela diote, eta, Ferrasek esaten duena aintzat hartuta, etorkizuneko arazoei irteera emango dieten tresnak "zientzia eta teknologia" izango dira: "Energia arloko arazoei, industria garapenari edo nekazaritza, ura eta beste erronka berriei zientziak eta teknologiak eskainiko dizkiegu irtenbideak".
"Gizartea onuradun"
Dena den, tresna zientifiko eta teknologikoen bitartez lantzen den ikerketa eta garapena ez da nahikoa irtenbidea aurkitzeko: "Ezinbestekoak dira arlo horietan lortzen denaren onura berrikuntzara lekualdatzea, enpresetara transferitzea, merkaturatzea eta gizarteari gerturatzea; gizarteak izan behar baitu horren onuradun eta azken hartzaile". Izan ere, Europan eta Euskal Herrian "betidanik egin da lan txukuna" ikerketa eta garapen arloan, baina lorpen horiek merkaturatzean dago erronka handiena, Ferrasen iritziz. Garaiakoek argi dute berrikuntza ariketa konplexua baina beharrezkoa dela, ekintzailetzaren, teknologiaren eta merkatuaren eskaeren arteko oreka lortu eta mantentzeko: "Zientzia eta teknologia orokorrak baitira, baina berrikuntza tokikoa da, zero kilometrokoa". Eta berrikuntza bultzatzeko "ezinbestekoak" dira epe luzeko ikerketa eta garapen arloko apustu irmoa egiten duten enpresa eta unibertsitateak "saretzea, elkarlanean aritzea eta loturak indartzea", dio Ferrasek.
Horretan dabiltza Garaian: "Sareak eraiki, dinamizatu eta sendotzen; enpresa, unibertsitatea eta gizartea batzen; guztien behar eta erronkak entzun eta beraien arteko erlazioak errazten". Ekosistema gertu, berritzaile eta sendoa eraikita, erraztasunak eman daitezke berrikuntzak non ikasi, ikertu, lan egin eta garatu finkatzerakoan: "Merkatutik gertu, gizartean murgilduta eta etorkizunari baikortasunez begiratuta".