Miguel Angel Laspiur: "Publikoa hunkitu du 'Hazia' ikuskizunak"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 23a, 17:00

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eta Gontzal Mendibilek ondu dute 'Hazia', eta elkarteko lehendakariak uste dute apaizaren pentsamendua zabaltzen lagun dezakeela lanak

Mondragon korporazioko enpresa kooperatiboen sustatzailea izan zen Jose Maria Arizmendiarrieta, eta haren bizitza eta obraren irakaspenak oinarri dituen Hazia musikala aurkeztu zuten joan den asteburuan, Arrasateko Amaia Antzokian. Gontzal Mendibilek eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak sortutako ikuskizuna da, eta Miguel Angel Laspiur lehendakariak orduko sentsazioak izan ditu gogoan.

Bi emanaldi eginda estreinatu zenuten musikala. Zer moduz?

Oso balorazio positiboa egiten dugu. Zalantzarik gabe, arrakasta izan du. Uste dut publikoa harritu eta hunkitu egin zela, jendeak ez baitzuen espero maila horretako ikuskizun bat.

Gainera, publikoaren artean baziren kooperatiba munduko kideak ere.

Politikariak zeuden, eta, besteak beste, baita Mondragon Taldeko batzuk ere. Egia da aretoa ez zela guztiz bete, baina, dena den, aurreikuspenak bete egin ziren. Apaiz baten bizitzaren inguruko ikuskizun bat izanik, batik bat, jende gaztea gerturatuko ez zen beldur ginen, baina erantzun dute. Horren adierazle da lehen eguneko emanaldian, larunbatean, jasotako txaloaldia. Pentsa, zutik ere jarri ziren!

Musika, dantza eta antzerkia batu zenituzten. Hiruren arteko osotasunak lortu zuen erantzun hura?

Hiru horien eta ikus-entzunezko efektuen arteko integrazioak lortu du musikala ikuskizun alaia izatea, eta dibertigarria. Gontzalek jakin du Arizmendiarrietaren pentsamendua islatzen. Ikuskizuna handi egin du.

Hura izan al da hau posible egin duen pertsona nagusienetako bat?

Noski. Eta horri balioa eman behar zaio. Pixkanaka ezagutu du Arizmendiarrietaren pentsamendua, eta, poesiara ez ezik, musikara ere ekarri du. Hura jaio zen baserria ez ezik, haren inguruko jendea ere ezagutu zuen.

Helburua, beraz, erdietsita.

Bai, kontuan hartuta gure elkartearen helburu garrantzitsuenetariko bat gizon honen ideiak eta pentsamendua transmititzea dela. Are, espero dugu laster egingo ditugun aurkezpenetan ere publikoak ideia horrek duen balioa onartzea.

Bilbon izango da hurrengoa, ezta?

Bai; Arriaga antzokian egongo gara, urriaren 1ean. Iruñeko Baluarte aretoan ere egingo dugu ikuskizuna, urriaren 29an, eta, ondoren, Donostiako Kursaal aretora joango gara, azaroaren 26an. Azkenik, Gasteizko Printzipal antzokian ere izango gara, abenduaren 17an.

Era horretan, Euskal Herrian barna zabalduko al duzue Arizmendiarrietaren pentsamendua?

Bai, Arizmendiarrieta erreferentzia bat baita, eta ez soilik Arrasaten, baita Gipuzkoan eta Euskal Herrian ere. Baina arazoetako bat da ezezaguna dela. Parte hartzaileen artean, adibidez, gutxik ezagutuko zuten. Beraz, hau bada modu bat gizon hari buruz gehiago jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak