Bi parkeak eraberritzeko parte-hartze prozesuan, 2.306 arrasatearrek eman zuten botoa, diseinu gogokoenak aukeratuz. Hala, Legarra plazarako Erdi Aroko hiria irudikatzen duen parkea izan zen aukeratuena eta Uribe auzorako, berriz, Kaleidoskopioa. Udalak instalazio horiek berritu ditu 120.000 euroko inbertsioarekin, BEZa barne.
Parkour parkearen ideia, "Arrasateko gizabanakoaren mugimendu-ahalmenean oinarritutako lehen parkea", Haurren Kontseiluak 2019an proposatutako ekimenetako bat izan zen. Udalak, eskaera horri erantzunez, 2021ean proiektua egin zuen, eta herritarrek, prozesu parte- hartzaile batean, gehien gustatzen zitzaien parkour parkearen eredua aukeratu zuten. Udalak 220.000 euro inbertitu ditu horretan, BEZa barne.
Dagoeneko erabilgarri dago parke hori, eta Udalak parkour ikastaroa eskainiko du urritik aurrera Lotzen ADD parkourra zabaltzeko elkartearekin elkarlanean. Laster emango dituzte horri buruzko xehetasun gehiago.
Parkeak jauziak egiteko eta hormak igotzeko elementuak ditu, hainbat zutabe eta barandarekin osatuta. Kautxuzko zoladura bat jarri dute, "gerta daitezkeen erorikoak arintzeko". Jarduketa osatzeko, saneamendu-azpiegiturak egokitu dituzte, euri-urak biltzeko eta argiztapen-sistema jasangarri bat ezartzeko. Bestalde, erabiltzaileek ura edateko, iturri bat ere jarri dute.