Lehenik, haur parkeetan adituak diren enpresak gonbidatu ditu Udalak, diseinu aukera ezberdinak aurkez ditzaten. "Gonbidatu bakoitzak bi diseinu aurkezteko aukera izango du. Diseinu hauek Udalaren jabetzara pasatuko dira, herritarrekin parte-hartze prozesu batean erabili ahal izateko eta, ondoren, diseinua aukeratua izanez gero, kontratazio-lehiaketa batean erabiltzeko", azaldu dute Udal Gobernutik.
Haur parkeak 505 metro karratuko azalera du eta hura berritzeko aurrekontua 60.000 eurokoa izango da. "Diseinuan eskaintzen diren jolasak, zati batean, egokituak izango dira haur elbarrientzako".
Jarduera, Gobernuaren esanetan, "arrasatearrei kalitatezko instalazioak eta zerbitzu publikoak eskaintzeko etengabeko estrategiaren barruan" kokatzen da, "kasu honetan, herriko haur eta familiei zuzendua".
Helburua da 2022ko urrian parkea eraberritzeko obraren lizitazio prozesua abian jartzea, eta hobetze lanak urte amaieran abiatzea.