'Ahobizi' eta 'Belarriprest' kalera irtengo dira hilaren 28an, izen-ematearen irekieraren berri emateko

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 21a, 17:29

'Ahobizi' eta 'Belarriprest', Garibai etorbidean.

Irailaren 28an irekiko dute norbanakoen izen-ematea. Ekitaldi orokorra Bilboko Kafe Antzokian egingo dute, 19:00etan, eta Arrasaten ere, Ahobizi eta Belarriprest kalera irtengo dira, herritarrei, Euskaraldian izena emateko aukera zabalik egongo dela adierazteko. Hemen eman ahalko da izena.

Parte hartzen den lehenengo aldia izanez gero, galdetegi motz batean eskatzen diren datuak bete eta ahobizi edo belarriprest rola aukeratu beharko da. "Aurreko edizioren batean parte hartu duenak, aldiz, atarian sartu eta bere parte-hartzea baieztatu beharko du soilik. Nahi izanez gero, aurretik eduki zuen rola aldatzeko aukera izango du", adierazi dute batzordetik. "Edozelan ere, aurrekoetan parte hartu duten guztiek mezua jasoko dute beraien posta elektronikoan, aurtengoa baieztatzeko aukerarekin".

Euskaraldia hasi arte, hainbat izen-emate mahai ezarriko dituzte herrian, informazioa eman, zalantzak argitu eta izen-ematean laguntzeko asmoz. Horretaz gain, arrasate@euskaraldia.eus helbidera idazteko aukera ere badago.

Gazteak Euskaraldira ekitaldia

Arrasateko Euskaraldiaren edizio honetako berrikuntza izan da Gazte Batzordea sortu izana. "Talde honen erronka, herriko gazteak Euskaraldira erakartzea da eta horretarako hainbat lan ildo jorratzen dabiltza", adierazi dute.

Horietako bat, Gazteak Euskaraldira ekitaldia izango da, irailaren 29an, 19:00etan Taupa tabernako aterpean egingo dena. "Bertan, Euskaraldian parte hartzeko aukera eta gakoen berri emango da, Etxepe eta Tabu taldeen musikaz gozatu bitartean. Gainera, izen-emate mahaia eta Euskaraldiko materiala eskuratzeko aukera ere egongo da".

Ekitaldia baliatuz, Gazte kuadrilla sarea egitasmoa aurkeztuko dute, Euskaraldian parte hartzea, gazte talde gehiagotara zabaltzeko sortu dena.

75 entitatek eman dute izena

Gogorarazi dute, bestalde, entitateen izen-ematea zabalik egongo dela urriaren erdialdera arte, hemen. Arrasaten 75 entitatek eman dute izena dagoenako. "Arrasaten arigune gehiago lortuko ditugulakoan gaude. Beraz, herriko denda, taberna, kirol zein kultura talde, enpresa eta abarrak eman dezatela izena Euskaraldian!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak