Ikasturte honetan, Unibertsitateak 6.700 ikasle baino gehiago izango ditu ikasketa ofizialetan (gradu, master eta doktoretza ikastaroetan) matrikulatuta, eta, horietatik, 2.200 berriak izango dira. Ikasle berri horietatik, 1.700 graduko ikasle berriak izango dira; hots, aurreko ikasturtean baino %0 gehiago Euskadiko Campusetan. Aurten 18 titulazio berri eskainiko ditu Mondragon Unibertsitateak –horietako 11 dualak–, bere ezagutza-arlo guztietakoak –ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, humanitateak, kooperatibismoa eta gastronomia–. Gainera, 19 unibertsitate-master ditu, horietako zazpi dualak.
25. urteurrena
Mondragon Unibertsitateak, bere 25. urteurrena ospatzen dabilen honetan, goi-mailako hezkuntzarekin, ikasleekin eta gizartearekin duen konpromisoa berretsi du. Hala azpimarratu du gaurko ekitaldian errektore Vicente Atxak. Izan ere, ezagutza sortzea, ezagutza hori ikasleei transferitzea eta azkenik ezagutza hori enpresekin eta ekonomiarekin partekatzea dira unibertsitatearen ardatz nagusiak. "Irakaskuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren gainetik, unibertsitatearen gizarte-eginkizuna dago. Gure unibertsitate kooperatiboaren zeregin nagusia gizartea eraldatzea da, desberdinkeria gutxiagoko gizarte bat eraikitzea. Eta, ildo horretan, ezagutza eta hezkuntza dira desberdinkeriei aurre egiteko armarik indartsuenak".
Mondragon Unibertsitateak azken 25 urteotan Euskal Unibertsitate Sistemari egin dion ekarpenaz ere aritu da Atxa. Gaineratu du, berrikuntza ardatz hartuta hezkuntza eredu berrietan aurrera egiten jarraitzea dela duten erronka handienetariko bat.