Ingelesezko solasaldietako koordinatzaile aldaketa da aurtengo berrikuntza bakarra; izan ere, Jessica Oleagak izango du aurten ardura hori. "Ez da ingelesa jaiotzez, baina sekulako ilusioarekin esan digu baietz; beraz, guk ere pozik hartu dugu", azaldu du Asun Agirianok, Udal Bibliotekako arduradunak. "Beste herrietan ere baditu taldeak, eta gogoz dago Arrasatekoari ekiteko", gaineratu du.
Euskarazko eta gaztelaniazko saioekin alderatuta, jende gutxiagok hartzen du parte ingelesezkoetan, eta, horregatik, arrasatearrak animatu gura izan ditu Agirianok: "Daudenak oso pozik etortzen dira eta diote asko ikasten dela, luxu hutsa dela; beraz, animatu daitezela".
Gainera, COVID-19aren aurkako neurririk gabe ekingo diote, hasiera batean, ikasturteari. "Iaz eduki genituen zailtasun guztiekin, aurten badirudi normaltasunez hasiko dugula ikasturtea eta horrek mesede egingo digu. Izan ere, orain arte, maskararekin edota online, zailagoa izan da ingelesezko ulermena, esaterako. Aurten, zailtasun horiek gabe, taldea gusturago arituko da".
Euskarazko zortzi solasaldi
Aurten ere eguenetan egingo dituzte euskarazko solasaldiak, 18:30ean, urriaren 27an hasita, eta Alex Gurrutxaga izango da koordinatzailea. Hilabete bakoitzean saio bat egingo dute eta honako hauek izango dira berbagai izango dituzten liburuak eta idazleak: Nirliit (Juliana Leveille-Trudel); Begiak zabalduko zaizkizue (Irati Jimenez); Euri zitalari esker (Itxaro Borda); Gerezi garaia (Mikel Santos Belatz); Julien Vinsonen hegaldia (Patxi Zubizarreta); Gauez harrizko zubiaren azpian (Leo Perutz); Kafe tristearen balada (Carson McCullers) eta Todo modo (Leonardo Sciascia). Gainera, Itxaro Borda, behintzat, solasaldian izango da, abenduaren 15ean.
Gaztelaniazkoetan bi azpitalde
Gaztelaniazko solasaldiei dagokienez, eguaztenetan egingo dituzte, baina bi azpitalde egongo dira, bakoitza koordinatzaile batekin. Luisa Etxenikek literatura europarreko taldea koordinatuko du eta Ane Zapaterok, aldiz, gaztelaniazko literaturako taldea. Hala, bigarren azpitalde horretan, Latinoamerikako bi idazleren liburuak aztertuko dituzte otsaileko eta martxoko saioetan: Leila Guerrieroren Una historia sencilla eta Guadalupe Nettelen La hija única. Apirilean, Isaac Rosa espainiarraren Feliz final liburua izango dute berbagai eta maiatzean, aldiz, Jokin Muñoz nafarraren Sin tocar el suelo. "Gainera, idazlea gonbidatzeko asmoa daukagu, eta hori amu polita da irakurleentzat", dio Agirianok.
Luisa Etxenikek koordinatuko duen taldean, berriz, liburu hauen gainean ariko dira: Tristana (Benito Perez Galdos); Las amistades peligrosas (Choderlos de Laclos); La isla de Arturo (Elsa Morante) eta El hombre es un gran faisán en el mundo (Herta Müller).
Ingelesezkoak, martitzenetan
Ingelesezko bost saio egingo dituzte, martitzenetan, honako liburu hauekin: The Curious Incident of the Dog in the Night-Time (Mark Haddon); Persepolis (Marjane Satrapi); Big Little Lies (TV series); Drive Your Plow Over the Bones of the Dead (Olga Tokarczuk) eta Girl with a Pearl Earring (Tracy Chevalier).
Izena emateko, bi bide
Esan moduan, datorren astean eman ahalko da izena, irailaren 19tik 24ra, eta bi bide daude horretarako: Udal Bibliotekan bertan edo Arrasate.eus webgunean. "Literaturaz gozatzeko aukera ederrak dira solasaldi hauek, oso aberasgarriak; beraz, animatu", dio Agirianok.