Eskolara oinez, Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 14a, 12:43
Erguingo hainbat ikasle, patioan.

Udalako Ingurumen Eskolak bat egin du, beste urte batez, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin, eta Eskolara Oinez kanpaina abiatu du. Modu horretan, Arrasateko ikasle eta irakasle guztiak motordun ibilgailuak alde batera utzi eta eskolara oinez joatera animatu ditu, irailaren 16an hasi eta 22ra arte.

Oinez mugitzea garrantzitsua dela ohartarazi dute ingurumen eskolatik. "Alde batetik, motordun ibilgailuek sortzen dituzten inpaktuak murrizteko (zarata, berotegi efektuko gasen isurketa eta abar). Bestetik, modurik osasuntsuena delako aire zabalean mugitzeko", adierazi dute. "Gainera, gure herria jasangarriagoa eta atseginagoaren alde egiteko modu bat ere bada".

Arrasate Herri Eskolako ikasleei zabaldutako ekimena da; hain zuzen ere, 2. eta 3. zikloko ikasleei. Aurten, gainera, Musakolatik abiatzeko aukera gehitu dute. Auzo horretan bizi diren ikasleak 08:30ean bilduko dira San Antolinen "eta patina eta kaskoa ekarri beharko dute garaiz eta seguru iristeko Erguineraino".

Beste ibilbideak betikoak izango dira. Bata, erdigunetik abiatuko da 08:30ean eta, bestea, San Andres auzotik, 8:40ean. Bertan Udalako Ingurumen Eskolako irakasleak egongo dira, haurrak jaso eta eskolaraino bidean laguntzeko. Dena den, ibilbidean zehar taldera gehitzeko aukera ere izango dute ikasleek.

Parte hartzeko, ikasleek izena eman beharko dute irailaren 15a baino lehen. "Parte-hartzaileen artean saritxo batzuk banatuko dira amaieran. Animatu zaitezte! Ingurumenaren eta osasunaren alde egin eta eskolara oinez joango gara elkarrekin!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak