"Mundu osoko" gazteei deia proiektu kooperatibo bat garatu eta sari bikainen jokoan sartzeko

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ira. 12a, 15:01

Kulturaten aurkezpena eginda, martxan da Mondragon City Challenge ekintzailetza  kooperatiboko nazioarteko lehiaketaren bigarren edizioa. Batxilergoko, heziketa zikloetako eta unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekimena da, eta zortzi hilabeteko epean proiektu kooperatibo bat sortu eta garatzea da parte-hartzaileek egin beharko dutena, munduko edozein tokitako bi eta lau pertsona arteko taldeetan.

Urriaren 18an amaituko da izena emateko epea, eta, ordurako, parte hartu nahi duten taldeek euren proposamena aurkeztu beharko dute, gehienez hogei lerrotan. Izen-emate epea amaituta, hogei proiektu aukeratuko ditu epaimahaiak, eta horietako taldekideek prestakuntza jasoko dute, proiektuen kalitatea handitzeko. Parte-hartzaileek aurkeztutako ideia garatu beharko dute gero, tutoreen laguntzarekin. 2023ko otsailaren 8a eta martxoaren 8a artean epaimahaiak kategoria bakoitzeko sei talde finalistak aukeratu eta apirilaren 21ean egingo da Amaia antzokian Mondragon City Challenge lehiaketaren finala. Finalistek euren proiektuaren defentsa egin beharko dute Amaian.

Ekimenaren lehen  edizioan zazpi herrialdetako 84 taldek hartu zuten parte.  "Gazteek erakutsi zituzten oso maila altua eta kalitatezko proiektu handiak. Horietako batzuk, gainera, kooperatiba bilakatu dira, eta hori oso berri ona da, eta argi azaleratzen du honek izan dituela ondorioak, ondorio positibo eta ukigarriak", adierazi du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Diazek, berriz, ekonomia soziala eta kooperatibismoa "iraganean eta orainaldian arrakasta izandako eta duen formula" eta "etorkizunerako erreferentea" dela adierazi du ekimenaren aurkezpenean: "Proiektuen ekintzailetzan modu kolektiboan jarduteak hobeto egokitzeko aukera ematen du energia, ingurumen, digital eta soziosanitario arloetan bizi ditugun aldaketetara".

Lehiaketako sariak izango dira Berlinera bidaia 16 eta 18 urte artekoetan eta AEBetara bidaia 19 eta 24 urte artekoetan. Horrez gain, finalista ez diren parte-hartzaileen artean proiektu berritzaileena ere sarituko dute, 800 eurorekin. Ekimenaren antolatzaileak dira Arrasateko Udala, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorena, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Mondragon korporazioa eta Mondragon Unibertsitatea, eta laguntzaile ditu Nazioarteko Aliantza Kooperatiboa, ASEkoop, Saiolan, Azaro fundazioa eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak