Gartxot Unsain: "Orain arte egindakotik zerbait desberdina eskaini nahi nuen"

Hasier Larrea 2022ko ira. 9a, 10:33
Argazkiak: daveblancophoto.

Kulturate Akustikoko protagonista izango da gaur, 20:00etan hasita. Zapatuan Maruja Limonek eta domekan Frank Blackfieldek joko dute kontzertua, aurtengo Kulturate Akustikoen zikloa ixteko.

Bandarik gabe, bere kabuz erabaki zuen 2018an Gartxot Unsainek (Donostia, 1987) Ghau izeneko proiektuari ekitea.

Zergatik sortu duzu Ghau eta zerekin egingo du topo publikoak?

Inoiz baino pertsonalagoak diren konposizioei bidea egiteko, nire barrutik irtendako kantuei, alegia. Zinemagintza, irudia eta arte plastikoak bildu nahi izan ditut egitasmoan. Hala, abestiak bideo-sekuentzien bidez aurkeztu ditut euskarri digitaletan, eta zuzenekoetan performance bat egiten dugu Jaiotz Osak eta biok; koreografia eta hitzak, biak eransten dizkiogu musikari, ordubete inguruko ikuskizunean.

Zeu zara Ghauren aurpegia, baina bada jende gehiago atzean.

Esan bezala, oholtzan Jaiotz Osa dantzari profesionala daukat alboan. Kantuak sortzerakoan gomendio onak eman dizkidate Jon Orna eta Ekain Perez lagunek. Zestoako Gaztain estudioko Eñaut Gaztañagak kalitatea eman dio kantuen soinuari. Bideoklipak grabatzerakoan ere alderdi estetikoaz arduratu dira Osa eta Mujika bikotea, eta bedeinkapen moduko bat izan da.

Sormen prozesuan, zerekin gozatzen duzu gehien?

Hitzak idazterakoan. Entzule bezala arreta handia jartzen diet hitzei, eta sortzaile bezala eta zentzu onean esanda, hitzak idaztea da buruhauste gehien ematen didana. Hitzak dira nire espresatzeko modu gorena. Edozein instrumentu eta kantatzeko eraren gainetik, hitzei ematen diet balio gehiena. Hor sentitzen naiz nire komunikatzeko gaitasuna erakusteko gai.

Baduzu sortzeko modu konkreturik?

Batzuetan, zenbaki batzuk idatzita abiatzen naiz. Silaba horiek errespetatuta sortzen ditut melodiak. Beste batzuetan, melodia bat etortzen zait burura, bere sonoritatearekin, hau da, badakit ze bokal eduki behar dituen. Gero saiatzen naiz letrak idazten. Normalean, lehen estribillo edo mantra indartsuenaren bila joaten naiz, baina, noizean behin, gitarra eta bateriarekin etortzen zait ideia musikala, eta horren gainean egiten dut abestia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak