Isidor Caballero: "Ultra probetan burua %70 da, hor dago gakoa"

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 2a, 17:00

Isidor Caballero, eskuman, Joan Manel lagun kataluniarrarekin batera.

Arrasateko mendi lasterkariak ultra distantziako bi lasterketa egin ditu udan, Ehun Miliak proba eta Chamonixen (Frantzia) egiten duten UTMB; hasi da 2023rako erronketan pentsatzen.

Komunikabideetan Kilian Jornetek egindako azken balentria izan da abuztu amaieran albiste –kataluniarrak UTMB irabazi du, eta errekor berria ezarri du (19.49.30)–. Harekin batera, baina, abuztuaren 26an beste 2.300 korrikalari abiatu ziren 171 kilometroko mendi lasterketa egiteko gertu, 10.000 metroko desnibel positiboarekin. Denak ez ziren helmugara iritsi, noski. Bai, ordea, Isidor Caballero arrasatearra.

Zer moduz errekuperatu zara?

Oso ondo, egia esateko. Martitzenean Udalatxera igotzekotan egon ginen, baina sargori egiten zuen eta paseatzera joan ginen; hala ere, oso ondo errekuperatu naiz. Egia da dagoeneko 51 urte ditudala eta nire gorputza oso ondo ezagutzen dudala. Hau da, ultra lasterketetan gauzak lasaitasunez hartzen ditut, ez naiz topera joaten badakidalako, esaterako, lasterketa bi ordu azkarrago amaitzea, gero, garesti ordain dezakedala. Ez du merezi gero hamabost egun lehertuta egotea.

Alpeetakoa ez da, baina, azken hilabeteotan egin duzun ultra bakarra izan.

Ez, uztail hasieran Ehun Miliak lasterketan izan nintzen. Dagoeneko lasterketa horretako hirugarren edizioa izan da eta gustura ibiltzen naiz hor. Eta, gero, entrenamendu saioetan ere ordu dezenteko saioak egin ditugu, ultra distantziara gerturatzen ibili gara. Hortaz, bai, kilometro dezente egin ditugu aurten.

Bietako zein da gogorragoa?

Distantzia eta desnibel aldetik nahiko antzerakoak dira, baina niretako Ehun Miliak gogorragoa da. Paraje aldetik bistan dago Montblanceko inguruekin ez dagoela lehiatzerik, bereziki Italiako aldea ikusgarria da, baina gauza bat esango dizut, dezepzio apur bat ere hartu dut UTMBrekin. Urteak neramatzan lasterketa horretan parte hartu nahian, baina zozketan ez nuen zorterik izaten. Hala, Val d'Aran izeneko lasterketa ere UTMBkoek antolatzen dute, eta hor parte hartuta zuzenean lortu nuen UTMBrako txartela. Eta han, lasterketan zehar boluntarioen tratua benetan izan da ona, baina beste gauza asko ez zaizkit gustatu. Lasterketa garestia da, 305 euro, eta anoa postu guztiak berdinak ziren, jatekoen artean ez zegoen askorik aukeratzeko eta helmuga inguruan dagoen dena negozioa da, asko du marketinetik. Ehun Miliak lasterketan beste giro bat egoten da, anoa postuak zainduagoak, opari polit bat ekartzen duzu etxera eta dezente merkeagoa da. Egia da, baita ere, UTMBko irteera eta helmuga ikusgarria dela. Gu domeka eguerdi inguruan iritsi ginen Chamonixera, jende asko zegoen herrian eta helmuga gurutzatu genuen momentua oso berezia izan zen, ileak tente nituen.

Isidor, lasterketako une batean egindako selfie-an.

Zelan ibili zinen lasterketan zehar?

Tripetatik arazoekin ibili nintzen eta momentu batzuetan erritmoa lasaitu behar izan nuen, baina egoerari buelta eman nion. Sukaldaria naiz eta lasterketan jan behar ditudan barratxoak eta halakoak nik egiten ditut, baina... Halako proba luzeetan normala izaten da. Dena dela, lau laguneko taldea osatu genuen hasieratik, beste lasterketa batzuetatik ezagutu izan dudan jendea, eta elkarrekin egin genituen bi egunak.

Ordu asko dira elkarrekin...

Bai, umore onez joaten gara, txantxetan... Eramangarriagoa da horrela. Dagoeneko ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu bakoitzak non pasatzen duen gaizki, nork sufritzen duen gauean gehiago...

Halako distantzietan ze momentu izaten da zuretako txarrena?

Egunsentia. Une horretan isilik joaten naiz, erdi lo. Guk, esaterako, bi egunetan ez dugu lorik egin; akaso, bost minutu hartzen ditut eseri eta begiak ixteko, baina goizaldeko momentu hori... Gero, buruak klik egiten du eta esnatu egiten zara ostera ere, hurrengo egunari aurre egiteko gertu.

Caballero, eskumatik bigarrena, lasterketa amaituta.

Non egoten da ultra batean gakoa?

Buruan, zalantza barik. Beti esaten dut %70 burua dela. Noski, fisikoki etxerako lanak ondo egin behar dituzu, baina buruan dago gakoa. Lasterketa hasi eta lehenengo gauean denek egiten dute hegan, aldarte onarekin... Gero etortzen da buruarekin egin beharreko lana.

Eta zelan entrenatzen da halako proba luze bat?

Nik bizi osoa daramat mendian, eta, neurri handian, giharrak ohituta ditut mendian ibiltzera. Duela 9 urte inguru hasi nintzen korrika, eta gogoan dut Antzuolako lasterketa izan zela lehenengoa. Pentsa... Ondoren etorri ziren inguruan antolatzen dituzten gainontzeko guztiak; tartean, Arrasate-Udalatx.

Uda bete honekin, amaitu duzu denboraldia?

Ez, ez... Bi aste barru Canfranceko maratoira joango naiz, eta baliteke Donostiako maratoia ere egitea. Ez naiz asfaltoan gustura ibiltzen den horietakoa, baina...

Eta baduzu 2023rako erronkarik?

Erronka potoloa dugu, Tor des Geants egitea dugu begiz jota. Aostako bailara inguruan egiten den 330 kilometroko lasterketa da; 24.000 metroko desnibela. Eta hor lau egun ematen dituzte lasterketa egiteko. Noski, hor bai, hor tarteka lo egin behar da, eta atseden hori kudeatu behar da. Kilometro askoko beste urte bat izango da hurrengoa ere.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak