Trikitixa Eskola plazara, artista handiak oholtzara

Hasier Larrea 2022ko ira. 1a, 13:41

Faltriqueira boskoteko bi kide, maiatzeko Pandero jaialdian.

Hirugarren Hauspo Eguna antolatu dute Ibai-arte merkataritza elkarteak eta Arrasate Trikitixa Eskolak elkarlanean. Ostiral eta zapatuan trikitilari gazteen eta iaioen presentzia ziurtatuta egongo da erdigunean. Musikaz gain, badaude bestelako ekintzak ere.

Merkemerkaua eta Eskola Plazara egitasmoak urtero antzeko datetan egiten zirela ikusita, Ibai-arte merkatari elkarteak eta Arrasate Trikitixa Eskolak indarrak batzearen aldeko apustua egin zuten pandemia bete-betean. Halaxe sortu zuten Hauspo Eguna, eta, bi edizio arrakastatsuren ostean, aurten bi egun jarraian antolatzea erabaki dute, irailean egun bat eta urrian beste bat antolatu beharrean. Hauspoaren melodiei protagonismorik kendu gabe, Herriko Plazan zenbait ekintza erakargarri programatu dituzte ostiralerako, hilak 2; izan ere, 18:00etan, Trikigin ekitaldian parte hartuko dute hamar taberna ingurutako ostalariek. Trikitixa Eskolako Maixa Lizarribarrek aipatu du zertan datzan Eskola Plazara egitasmoaren lehen edizioetatik egiten den lehiaketa: "Epaimahai batek ostalariek ateratako kopak dastatu eta nota jarriko die; morboa sortzen du txapelketak, eta balio du jendeak beste modu batera izateko Trikitixa Eskolaren berri".

Ikasturtea, ate joka

Horixe baita irail hasierako Arrasateko Trikitixa Eskolaren misioa: urrian hasiko diren ikastaroen matrikulazioari buruzko informazioa zabaltzea. "Eta zer hobeto etxeko festa bat antolatzea baino?", gehitu du Lizarribarrek. Izan ere, osagai ugari dauzka aurtengo Hauspo Egunak. Eskola Plazara ekimenarekin Kulturolatik irtengo dira trikiti eta pandero ikasleak kalejiran, 18:00etan, Herriko Plazarako noranzkoan. Bertan prest egongo dira Txatxilipurdik antolatutako jolasak, talogileen taloak eta artisau baten pandero postua, kuriositatea eta gosea duenarentzat.

Arratsaldeko zortzietan, Portaloian, Sine Die proiektu berria estreinatuko dute jendaurrean Xabier Zabala trikitilariak eta Igor Torre biolin-joleak. Maisu handia izateaz gain, Trikitixa Eskolako kideen aspaldiko laguna da Zabala: "Eskolaren 25. urtemugaren osteko diskoko produktorea izan zen, eta Eskola Plazaren aldi batean ere hitzaldia eman zuen behin, haren ibilbide musikala azaltzeko", azaldu du Lizarribarrek. Ibai-arteko Jon Apraizek Trikitixa Eskolakoen bertute hori goraipatu du: "Eurekin lan eginda errazagoa da maila handiko musikariak ekartzea, kontaktuak izatearen abantaila!".

 

Sine Die bikotearen gonbidapena.

Zapatuan, mundu mailakoak

Eskaintza musikalari dagokionez, ez du koskarik jaitsiko hurrengo eguneko egitarauak. Nazioarteko kutsua izango du, hori bai. Horren harira, Apraizek honako ikuspuntu hau partekatu du: "Trikitia gure musika-tresna dela aintzat hartuta, interesgarria iruditzen zaigu beste herrialde batzuetan zer-nolako erabilpena ematen dioten ikustea; jaialdiak ere badu helburu hori". Hala, Belgikatik etorriko da Raquel Gigot artista, Etoile Musette izenpean. Bi ikuskizun eskainiko ditu Herriko Plazan; bata 18:00etan eta bestea 20:00etan. Lehenengoan, gainera, txotxongiloak erabiliko ditu neska-mutilak liluratzeko: "Guretzat sorpresa izan da txotxongiloen proposamena. Berez, hauspoarekin kontzertua ematera etorri behar zuen, baina aipatu zigun bazuela ikuskizun hori ere, eta, noski, guk pozarren hartu dugu", dio Lizarribarrek.

Raquel Gigot (Argazkia: Internationales Akkordeon Festival).

Eta, azkenik, Hauspo Egunari ginga jartzeko erronka izango dute, 23:00etan hasita, jadanik herrian ezagunak diren Faltriqueira galiziarrek. Maiatzeko Pandero Jaialdiko protagonistetako bat izan zen emakume taldea, eta orduan erakutsi zuten sasoi bete-betean jarraitzen dutela: "Izan ere, nazioartean panderoa ezagutarazi zuten aitzindariak izan ziren duela pare bat hamarkada".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak