Eguenean, irailaren 1ean, sartuko dira indarrean TAO sistemaren aldaketak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abu. 30a, 12:40

Langileak, guneak margotzen, abuztuan.

Abuztuan indargabetuta egon ostean, eguenean, irailaren 1ean, berrabiatuko dute TAO sistema Arrasaten, eta hainbat aldaketa izango ditu, gainera. Esaterako, Erguin auzoan, Altamiran, Altamirazpin eta Zerrajeran ere sistema aplikatuko da aurrerantzean eta gune urdinean doakoak izango dira lehenengo bi orduak.

Uztaileko osoko bilkuran behin betiko onarpena jaso ostean, aldaketak izango ditu TAO sistemak Arrasaten. Alde batetik, gune urdin eta gorrian bi orduz doan aparkatu ahalko du edonork, tiketa aterata (orain arte ordu eta erdikoa zen gehienezko iraupena). Mota horretako hiru gune daude: Ferixalekukoa, San Andreseko Super BM ondokoa eta Munar kalekoa.

Halaber, gune urdinean doakoak izango dira lehen bi orduak eta ondoren dagokion tarifa aplikatuko da, hau da, 15 minutuko 0,20 euro.

Gune urdin-berdean (TAO luzea), bestalde, prezioak merkatuko dira, hau da, goiz edo arratsalde osoa aparkatuta izateagatik euro bat ordaindu beharko da eta egun osoz aparkatzeagatik, berriz, bi euro. Gainera, eguenetik aurrera honako kale hauetan ere egongo da tarifa hori: Aprendices, Txaeta, Martxoak 8, Bizkaia etorbidea eta Altamirazpi. 

Gune berrietan, egokitzapen epea

Era berean, TAO sisteman barneratzen diren auzo edo kale berrietan egokitzeko epe bat jarriko dute, hau da, irailaren 12 arte ez dute isunik jarriko, "auzokideek bertakoen txartela egiteko aukera izan dezaten", Udal Gobernuaren esanetan. Horrez gain, TAO berriki jarri den guneetako txartelaren kostua honako hau izango da 2022an: lehen autoa, 17,50 euro; bigarren autoa, 37,50 euro. Hala ere, 2023an tarifa normala aplikatuko zaie: lehen autoa, 35 euro eta bigarrena, 75 euro.

Zerrajeran, adibidez, Etxaluzetik Eroskira arteko aparkalekuak egoiliarrentzako izango dira eta hortik Aprendices kalera artekoa gune urdina izango da (arrunta). Aprendices kalean, berriz, egoiliarrendako aparkalekuak zein gune berde eta urdinekoak egongo dira (TAO luzea).

Erguin auzoari dagokionez, Kalealdean, Anboton, Uriburun eta Jauregibarrian egoiliarrendako aparkalekuak jarri dituzte eta gune urdina ere jarri dute. Aitzitik, Udalpen eta Itxaropena kalean ez da TAO sistemarik egongo aurrerantzean ere.

Otalora Lizentziaduna kalean ere hainbat aldaketa izango dira, Taupa tabernaren eta Uarkape frontoiaren arteko aparkalekuak TAO arruntekoak izango baitira aurrerantzean (urdina), baita Goiena Komunikazio Taldearen egoitzaren aurreko erdiko ilarako aparkalekuak ere. Jose Luis Iñarra kaleari dagokionez, Mesedetako ikastetxetik Altamirazpira arteko aparkalekuak egoiliarrentzako izango dira eta Altamirazpin, berriz, TAO luzea egongo da, egoiliarrendako hainbat aparkalekurekin batera.

Ospitale eta anbulatorio inguruan, bestalde, TAO express eta TAO arrunta egongo dira.

Bi gogorarazpen

Aldaketekin batera, bi gogorarazpen egin ditu Udal Gobernuak: batetik, bertakoek, txartelarekin, haien zonaldeko kolore urdinean, berdean eta bertakoetan aparkatu dezaketela. Bestetik, zonalde urdinean, berdean eta bertakoetan ez dela TAO sistema aplikatuko 13:30etik 15:30era, ezta asteburu eta jaiegunetan ere.

Sentsibilizazio kanpaina

Abuztuan itxita egon bada ere, astelehenetik zabalik dago TAO bulegoa, sistemari lotutako izapideak egiteko edota herritarrei informazioa emateko. Horrekin batera, irailean zehar, sare sozial zein udal kanalen bitartez TAO zerbitzuaren inguruko sentsibilizazio bideoak zabalduko dituztela aurreratu du Udal Gobernuak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak