Kirol arloan "oso pozik" eta ekonomikoki "osasuntsu" amaitu du urtea ARTk

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 22a, 13:52
Batzar orokorrean batutako kideak, ondorengo luntxean. Argazkia: Belen Aranbarri.

Arrasate Errugbi Taldeko zuzendaritzako kideek joan den asteko Ohiko Batzar Nagusian azaldu zuten "oso pozik" amaitu dutela urtea, bereziki klubak kirol arloan egin duen lana eta eman dituen aurrerapausoekin; arlo ekonomikoan, berriz, erakutsitako datuek "osasuntsu" dagoela berretsi dute.

Diru galera txikia izan arren, zenbaki orekatuak aurkeztu ditu Ramon Barrutiaren lantaldeak, non klubak ia 78.000 euroko diru-sarrerak eduki dituen, zehatz-mehatz 77.961, eta 78.937 gastuak.  Hau da, 975 euroko defizitarekin itxi du ekitaldi ekonomikoa Arrasate Rugby Taldeak. 

Ohi bezala, diru sarrerarik handienak babesle eta diru-laguntzetatik etorritakoak izan dira, 13.495 eta 16.952, hurrenez hurren; hala nola, jokalarien kuotetatik jasotako 23.394 euroak.  Garagardo Azokaren bitartez 9.000 euro pasatxo jaso ditu ART-k, eta bazkideen kuotek eta saldutako loteriak 5.580 eta 6.058 euro eman dizkiote klub zuri-moreari.

Gastuen atalean, kirol jarduerari lotutakoak izan dira zenbakirik nabarmenenak:  entrenatzaile eta monitoreei ia 30.000 euro bideratu ditu ART-k, jokalarien fitxei, berriz, ia 20.000.  Hau da, bi atal hauek gastu guztien ia %65a izan dira klubarentzat.  Bidaietan 10.000 euro baino gehiago gastatu dira, arropa eta kirol materialean 5.000 pasatxo eta, epaileetan, beste 2.000 euro.

Kirol balorazioa ere ona

Kirol arloaren gaineko balorazioa ere egin dute, balorazioa "oso ona" izan dela adierazi dute Zuzendaritza Batzordeko kideek.  Senior mailako mutilena "bikaintzat" definitu dute, taldea Euskal Ligako 1. Mailan hirugarren postuan sailkatu eta gero.  Nesken talde hasiberriarekin ere pozik agertu dira:  “Partida guztiak jokatuta eta azken lehia, gainera, irabazita, denboraldia amaitzea lortu dugu. Jokalarien konpromisoarekin taldea sendotzeko beste urrats bat bete dugu”.  Hala eta guztiz ere, agintari zuri-moreek zuhurtasunez jokatzen dute:  "Debagoieneko neskekin talde propioa izatea da gure helburua, baina jakin badakigu horretarako oraindik lan handia dugula aurretik".

Harrobian egindako lanarekin ere pozik agertu da Barrutiaren lantaldea, eta aipamen berezia egin diote aurreneko pausoak ematen ari diren bi sailei:  inklusiboa eta amen taldea.  Inklusiboari dagokionez, 15 egunetatik behin egin dituzte lansaioak, eta 12 eta18 jokalari bitarteko parte hartzea izan da, beste horrenbesteko dinamizatzaileekin.  Urtean zehar ekintza ezberdinak burutu dituzte, eta ikasturte amaieran txapelketan batean ere parte hartu dute.  Etorkizunari begira, “egindako lanari eutsi eta bide beretik jarraituko” dutela adierazi dute.

"Seme-alaben entrenamendu eta topaketetara joateaz gain, Arrasate Errugbi Taldeko zenbait ama entrenatu eta jokatzera animatu dira aurten, Pirolitikak izeneko taldea sortuz", azaldu dute.  Hasiberriak izan arren, Gaztedirekin batera III. Maters Series Txapelketan parte hartu zuten orain direla aste batzuk eta, nabarmendu dutenez, "gostora dabiltza eta errugbiari eta taldea sendotzeko gogotsu daude”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak