Energia eolikoan puntakoak diren zenbait herrialdetako lau erakundek –Siemens Gamesa, Mondragon Unibertsitatea, Infineon eta SGB-SMIT– osatzen dute nazioarteko ekimen hori, eta Horizon 2020 ikerkuntza eta berrikuntza programak finantzatuta dago. Programaren helburu nagusia da energia eolikoko turbina elektrikoen ahalmenak optimizatzea. Mondragon Unibertsitateko erdi-tentsioko laborategiaren eraldaketak era horretako instalazio aitzindari bat sortzeko aukera emango duela azaldu dute, eta ondorioz, gai izango dela "punta-puntako teknologiarekin" esperimentatzeko. "Laborategiaren prestazio potentzialen izaera berritzaileak ia ez du parekorik; munduko ekipamendu gutxi daude hau bezain ondo prestatuta", adierazi dute prentsa-ohar bidez.
Lanak aurrera doaz eta dagoeneko bukatuta daudela obra zibila eta laborategiko ekipoek behar duten hozte-sistemaren instalazioa jakinarazi dute; falta dena da kableak jartzea eta azpiegiturako ekipo batzuk iristea. Hala, 2022ko abenduan inauguratzea aurreikusten dute.
Enpresa "liderrak"
Aerosorgailuen fabrikazioan eta mantentze-lanetan "aitzindaria" den Siemens Gamesa da proiektuaren koordinatzaile nagusia. Mondragon Unibertsitatea aerosorgailuen kargako hartuneak aldatzeko teknologia berria jartzeaz arduratuko da. Infineon enpresa, ostera, "liderra" da errendimendu handiko erdieroale bipolarren merkatuan, eta haren ekarpena izango da ezagutza teknikoak eta tiristoreetan oinarritutako erdieroaleak merkaturatzeko gaitasuna. Azkenik, SGB-SMIT Taldeak transformadore ertainak ekoizten ditu eta ezagutza teknikoarekin batera transformadoreak merkaturatzeko ahalmena jarriko du proiektuan.
"Irtenbideak eskaintzera" datorren laborategia
Lau enpresa horiek elkarlanean egindako apustuak argindarraren merkatua erabat alda dezakeela epe luzera eman dute jakitera Mondragon Unibertsitatetik, "gero eta handiagoa" delako energia berriztagarrietan oinarritutako proiektuen beharra: "Paradigma-aldaketa bat izan daiteke, argindarraren prezioa jaistea eta kalitatezko lanpostu espezializatuak sortzea ekar dezake".
Proiektuko kideek garatu duten teknologiaren helburua da % 5,5 murriztea energia eolikoaren palanka-efektuaren kostua, eta, aldi berean, % 5 handitzea produkzioa. Era berean, energia-ekoizpena handitu eta CO2aren isurtzeak murriztu nahi dituzte.
Energiaren sektoreko osagai-fabrikatzaileei bideratuta dago MUren laborategia baina ez dela horretara mugatuko gaineratu dute; izan ere, mugikortasun elektrikoaren industriako fabrikatzaileei ere emango die zerbitzua.