Aitor Fernandez: "Sadarrera zaleak partidua jokatzera doaz"

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 22a, 19:00
Aitor Fernandez, Osasunaren aurkezpen ekitaldian. Argakia: @osasuna

Levanten lau denboraldi egin eta gero, Arrasatekoak hiru urterako kontratua sinatu du Osasunarekin. Etxekoengandik gertu egoteko beharra daukala aitortu dio GOIENAri.

Aitor Fernandez Abarisketak (Arrasate, 1991) ez du gordetzen azken bi denboraldietan bizi izan duena. "Aitaren heriotzak eragina izan zuen nire kirol mailan, eta iazko urtea ez zen batere erraza izan. Hala, etxera etortzeko beharra sentitu dut, urte asko egin ditut kanpoan eta Osasuna moduko klub baten eskaintza jasotakoan garbi ikusi nuen.

Sanferminak Iruñean bizi izan dituzu. Hamaika hilabeteko alabarekin, baina, bestelako jaiak izango ziren.

Bada, inoiz egon gabe nengoen sanferminetan, eta, pisua erdialdean dugunez, jaietan nahiko murgilduta ibili gara. Alabarekin ibili gara kalean gora eta behera, kiliki eta erraldoien atzetik... Alkandora edo kamiseta zuria banuen, baita zapi gorria ere, baina praka zuririk ez, eta zale batek baino gehiagok esan dit kalean: "Aitor... ¡ponte pantalones blancos! Ja-ja-ja".

Aurkezpenean ez zenuen gorde aitaren heriotzak eragina izan duela kirol errendimenduan. Oso harreman estua zenuten...

Zalantza barik; pentsa, kapaz ginen egunean hirutan telefonoz berba egiteko, eta egun batetik bestera halako hutsune bati aurre egitea ez da erraza. Beherakada izan nuen, bai, oso jokalari gutxi daude %100ean egon barik kirol errendimendu ona eman dezaketenak, eta ni ez naiz horietako bat.

Zer moduz egokitu zarete hirira?

Oso ondo, nahiz eta egia den ez daudela pisu asko aukeratzeko, eta ez dut neure burua txalet baten ikusten. Levanterekin kontratua eten aurretik Iruñean geunden pisu bila, garbi nuen etorri egingo ginela. Etxekoengandik gertu egon gura genuen, bikotekidea bera getxoztarra da, eta garbi geneukan hori. Zapatuan 10:00etan jokatu genuen denboraldiaurreko partidu bat, eta bazkaltzera Arrasatera etorri ginen. Kanpoan egon denak bakarrik daki horrek zenbat balio duen.

Osasunan aspaldiko ezagun bat egoteak eragina izango zuen, Jagoba Arrasate.

Bai; Numantzian oso urte onak egin genituen eta entrenatzaile batek lan zelan egiten duen dakizunean lasaitasuna ematen dizu. Eta Osasuna aspaldian dabil gauzak oso ondo egiten, ikustea baino ez dago. Gauza bat esango dizut, gainera, aitak bazuen Osasunarekin zera berezi bat, gustatzen zitzaion taldea... Izugarri poztuko zatekeen.

Levanteko azken urteak ez ziren, seguruenik, nahi modukoak izango. Baina lehen bi urteetan ikusgarri ibili zinen han.

Bai, bai, lekuz aldatzeko beharra neukan, baina oso garbi daukat Levantek atezain moduan zer eman didan, dena eman dit eta oroitzapen oso onak gordetzen ditut. Oso eskertuta nago, eta presidenteari ere esan nion agurrean, etorkizunean jokalari moduan ez baina beste zerbaitetarako nire beharra baldin badute, deitzea baino ez dute.

Zer moduz hasi duzu denboraldiaurrea?

Bada, ondo sentitzen naiz. Eta egia esaten badizut, gauden sasoirako aurreikusi baino txispa handiagoarekin ikusten dut neure burua.

Lehia polita izango duzu Sergio Herrerarekin.

Bai, Sergio izugarrizko maila ona erakusten dabil eta horrek bultzatzen zaitu zuk ere zure bertsiorik onena erakustera. Ez zait gustatzen inork barregarri uztea; horregatik, lana gogor egingo dugu. Lehiakortasun sanoak bi atezainek mailaz igotzea ekartzen du, eta hori ona taldearendako. Hau, azken batean, talde kirola da, eta nork jokatu behar duen entrenatzaileak erabakitzen du. Eta ez jokatuta ere ekarpena egin behar da, berdin. Garaipenak ez dira berdegunean egon diren hamaika jokalarienak soilik.

Aitor Fernandez, talde gorritxoarekin denboraldiaurrea prestatzen. Argazkia: Osasuna.

Sadarreko harmailek bultza egiten dute. Bultzada hori igartzeko gogoz?

Kontrario moduan etortzen ginenean sumatzen genuen hori, bai. Amari komentatzen nion aurrekoan Sadarrera zaleak ez direla partidua ikustera joaten, partidua jokatzera joaten dira, eta liga amaieran horrek puntuak ematen ditu.

Osasunak aurten oso liga txukuna egin du, azkar lortu zuen mailari eustea. Baina bigarren mailatik igo berri diren taldeek aurrekontu handia dute. Erronka izango da.

Beti esan ohi dut ligan zortzi talde daudela gainontzekoengandik koska bat gorago, eta gainontzeko hamabi taldeei, normalean, sufritzea tokatzen zaiela, elkarren arteko borroka izaten dutela. Beti egoten dira salbuespenak, edo ezustekoa ematen duen talde bat. Baina bestela... Eta Osasunak badaki urtero gauzak oso ondo egin behar dituela mailari eusteko. Aurten Levanten pasa zaiguna izan daiteke adibide bat; nire ustez, oso talde ona geneukan, baina kategoria galdu genuen. Borroka oso berdindua izango da, eta hor egon behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak