Ivan Velasco: "Zaleek maitatu edo gorrotatu egiten dute Movistar"

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 22a, 20:00
Ivan Velasco arrasatearra, taldeko auto barruan. Argazkia: @movistar

Arrasatekoa lehen urtea ari da egiten Movistar taldearekin Tourrean zuzendari lanetan; egun batzuk etxean egin eta gero, lasterketan murgilduko da gaur. Zapatuko La Capelle Marival eta Rocamadour artean egingo duten erlojupekoa bertatik bertara jarraitu nahi du, arlo horretan egin duten lanaren emaitza ikusteko.

Ivan Velascok (Arrasate, 1980) badaki zer den Tourrean lan egitea, bai txirrindulari moduan [2010ean 62. sailkatu zen eta 2011n bertan behera utzi zuen lasterketa] eta baita Astana taldearekin zuzendari lanetan ere. Movistarren, baina, lehenengo Tourra du, eta, egun batzuk etxean egin eta gero, asteburuko etapetarako lasterketan sartuko da berriro ere. 

Etxetik berdin ikusten da lasterketa?

Ez, burbuila horretatik irteterakoan gauzak beste modu batean ikusten dira, edo beste gauza batzuei ere erreparatzen diezu. Esaterako, lasterketa kanpotik ikusteko aukera daukazu, kirol prentsa irakurtzen duzu, sare sozialetan taldeaz esaten den hori ikusten duzu... Lasterketa barruan zaudenean horrenbeste gauza daude egiteko, zaila dela halakoei erreparatzea.

Eta etxetik zer ikusi duzu?

Ba, lehenagotik badakigun hori, jendea oso zorrotza dela taldearekin, eta, bereziki, Espainia mailan taldeari egur dezente ematen diotela. Bai gauzak egiten dituenean, eta baita egiten ez dituenean ere. Taldeak kritika larregi jasotzen ditu. Batzuetan, merezitakoak izango dira, hori ere badakit, baina beste batzuetan... Gainontzeko lurraldeetako zaleek ez dakit ze jarrera izango duten euren taldekideekin, Frantzian, Ingalaterran... Baina Espainia mailan zaleekin ez dago erdibiderik, edo maitatu egiten dute Movistar edo gorrotatu egiten gaituzte. Baina taldean kontziente gara horretaz eta lasterketan zaudenean isolatu egiten zara apur bat; izan ere, txirrindulariari kritika horiek guztiak iritsi egiten zaizkio, eta ez dute laguntzen.

Hala ere, ez dakit bidezkoa den UAEri, Ineosi eta Jumbori eskatzen zaizkion emaitzak eskatzea Movistarri...

Nire ustez, hor dago gakoetako bat. Hain zuzen, aipatu dituzun hiru talde horiek hirukoiztu egiten dute guk daukagun aurrekontua. Denen ahotan dagoen UCIko ranking hori ikusten baduzu, gu atzean gaude, eta horrek erakusten du azken hiru urteetan ez ditugula emaitza onak batu. Hala, gaur egungo txirrindularitzan, bistan dago lasterketak irabazteko ziklista onak behar dituzula, eta horretarako dirua behar dela.

Sailkapen horrek arduratzen zaituzte?

Bueno, urte hasieratik oso presente dugu puntuak behar ditugula; hemen ere futbolean moduan gertatzen da: puntu nahikoa ez baduzu gorengo maila galtzen duzu. Eta hori presio gehigarri bat da, bai.

Velasco, erlojupeko bizikletak prest dituztela. Argazkia: @movistar

Giroa ez zen nahi modukoa izan, eta Tourra plaza zaila da puntuak batzeko.

Bai, baina Girora talde konkretu batekin joan ginen eta bagenekien zer egiteko kapaz ginen, eta Tourrera beste talde batekin etorri gara, eta helburuak garbi. Enric Mas azken lauzpabost itzuli handietan bost onenen arteko borrokan ibili da. Baina ez du zorte batere onik izan, besteak beste, aurten hiru erorketa txar izan dituelako, eta momentu txarretan, gainera, ondo zegoela erakusten ari zenean. Eta hor puntu asko joan zaizkigu. Tirrenon azken jaitsieran erori zen, podiuma zapaltzeko borrokan zebilenean. Itzulian ere, azken egunean, Arraten gora, indartsuena izan zen eta ondorengo jaitsieran erori egin zen, eta Dauphinen berdin, oso erlojupeko txukuna egin zuen, ondo zegoen eta mendiko etapan erori eta etxera joan zen. Eta Tourrean, etapa erabakigarrienetako batean, zer eta txakalaldi galanta hartu zuen. Hori azken mendatean bada, gaitz erdi, baina Galibierren pasa zitzaion, asko falta zenean, eta hor minutu pila galdu zituen. Horri buelta ematea ez da batere erraza. Eta joan den martitzeneko etapa zangotrabatu egin zitzaigun erabat: Masek huts egin zuen ez zuelako ihesaldia hartu; hor ez ginen ondo egon.

Txirrindulari ona da Mas, baina arrazoiren batengatik ez da zaleen begikoa... Ez du jendearekin konektatzen.

Baliteke, baina ez daukat horrendako erantzunik. Berezkoa den zerbait da hori, badago jendearekin konektatzeko erraztasuna daukan jendea, lehiatzeko moduagatik, erasokorra delako... Ez dakit ba. Taldean komunikazioaz arduratzen direnak ere ibiltzen dira harekin lanean, baina berezkoa izan behar da. Batzuek erraztasuna dute.

Taldean duzuen Matteo Jorgenson harribitxia da.

Bai; oso detaile politak dabil erakusten, ihesaldietan sartzen dabil etengabe, motorra dauka, lasterketa irakurtzeko gaitasun handia duela erakusten dabil...

Tourrean zein izan da zure ardura?

Chente Garcia dabil zuzendari nagusi, eta Patxi Vila, Pablo Lastras eta hirurok txandaka ibili gara. Hala, gutako bakoitzak zeregin ezberdinak ditu, nahiz eta erabakiak guztion artean hartzen ditugun. Chente taktikaz arduratzen da, eguneko plangintza antolatzen du... Eta bigarren zuzendariak gehiago egiten du etapa osteko balorazioa, hurrengo eguneko etapa errepasatzeko materiala prestatzen du, ibilbidea aztertzen du... Aurrerapauso handiak egin dira, alde horretatik, eta detaile guztiak ematen dizkiegu txirrindulariei.

Esan duzu Chente dabilela zuzendari nagusi, horrek bai konektatzen du jendearekin. Movistar ahalegina egiten dabil taldea zaleei barrutik erakusteko, zuen egunerokoa plataforma askotan erakusten duzue, eta hor izar bilakatu behar da.

Bideo horietan ez duelako antzerkirik egiten, halakoxea delako Chente eta natural agertzen da, beti umoretsu, txantxak egiten, ziklistei irribarre bat atera nahian... Baina serio jarri behar denean badaki serio jartzen, eta aurten haren ondoan lanean nabilela, segituan ikusi dut oso tipo langilea dela.

Egun hauetan zer ikusi nahiko zenuke?

Hamar onenen artean egotearen borroka ezin dugu alde batera utzi, hor puntuak daudelako. Horrekin batera, erlojupekoetan hobetzeko taldean lan handia egin dugu, eta zapatuko etapan emaitzak ikusi nahiko nituzke.

Jarraian etorriko da Vuelta.

Bai, eta sekulako parte-hartzea egongo da edizio honetan. Roglic, Pogacar, Simon Yates, Carapaz... Oso ziklista onak egongo dira, eta zailagoa izango da emaitza onak batzea, baina balio handiagoa izango dute. Itzuli batean jende ona egotea gauza ona da lasterketarako, erronka izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak