Beroak Arrasaten utzi ditu tenperatura altuenak

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 19a, 14:48

Azken astean, 184 pertsona artatu dituzte Osakidetzako osasun zentroetan, beroaren ondorioz. Horri lotuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Bizkaian pertsona bat zendu dela tenperatura altuen eraginez.

42,9 gradura iritsi ziren Arrasateko termometroak atzo; EAEn aurten erregistratutako tenperaturarik altuena da, Euskalmetek egindako neurketen arabera. Elorregin ere 42,4 markatu zituen termometroak, eta gertu izan ziren Urkulukoa (41,2) eta Oñatikoa (40,9) ere.

Duela astebete inguru hasitako bero bolada honek ekaina erdialdekoaren markak hautsi ditu. Orduan –ekainaren 18an– 41,7ra iritsi zen Elorregiko termometroa.

Beroaren eragina, ospitaleetan

Hilaren 10etik atzora arte, 184 larrialdi erregistratu dira Osakidetzaren sarean, beroak eraginda (27 Araban, 104 Bizkaian eta 53 Gipuzkoan); horietatik 83 lagun ospitaleetan artatu dituzte. Bizkaiarekin alderatuta, Gipuzkoan larrialdi gutxiago zenbatu dira erietxeetan: guztira, hemeretzi. Bestetik, beroak heriotza bat ere eragin du Bizkaian, Amoroton, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Bihar, tenperaturak behera

20 abisu hori, hamalau alerta laranja eta bost alarma gorriren ostean, bihar egoera hobetuko dela azaldu du Euskalmetek; halere, alerta horietako batzuk ez dira desagertuko oraindik. Nolanahi ere, uztailean "ohikoa  den egoera" itzuliko da erkidegoa, Zupiriaren esanetan.

Debagoienean, aurreikuspenen arabera, dezente egingo dute behera tenperaturek. Arrasaten, esaterako, 16 eta 24 gradu artean ibiliko dira tenperaturak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak