Uztailaren 4an hasi zituzten udalekuak, eta, hiru astekoak izanik, 22an bukatuko dituzte, gaur zortzi. Hiru gunetan banatuta dabiltza adin askotariko haurrak: San Andresen, erdigunean eta Musakolan. Gune horiek ardatz hartuta, askotariko ekintzak egiten dituzte hamaika txokotan, eta irteerak ere egiten dituzte, Landara eta Osintxura, gaua pasatzera.
Oinarrizko programazio bat antolatzen duten arren, Txatxilipurdiko kideek garrantzi handia ematen diote haurtzaroaren kulturari eta parte-hartzeari, Iñaki Telleria elkarteko kideak adierazi duenez. "Haurra subjektu aktibo bezala ulertzen dugu eta haren gaitasun eta ahalmenetan sinisten dugu. Horrek dakarrena da hari hitza ematea eta haren nahi, gogo eta beharretatik antolatzea ekintzak". Bide horretan, haurrak ahaldundu gura dituzte, eta haien beharretara egokitu. "Askotan, helduok hartzen ditugu erabakiak haurrengatik, haiei galdetu barik, eta hori apurtu gura dugu", nabarmendu du Telleriak.
Askotariko balioak ardatz
Gozamena eta jolasa oinarri hartuta, balio batzuk transmititzen saiatzen da Txatxilipurdi: euskaltzaletasuna; berdintasuna eta feminismoa; parte-hartzea; heziketa berdea eta inklusioa, aniztasun sexuala, funtzionala edota kulturala aintzat hartuz.
Ozetan 45 bat nerabe elkartu dira
Udaleku itxiei dagokienez, uztailaren 2tik 9ra egon ziren Arabako Ozeta herrian, 45 nerabe inguru, eta hainbat ekintza eta irteera egin zituzten.
Formula erabat aldatu zuten iaz, pandemiaren eraginez. Izan ere, lehen, adin tarte bakoitzeko nerabeak hainbat lekutan egoten ziren eta nagusienekin udaleku ibiltaria ere egiten zuten. Orain, ordea, Ozetara joaten dira guztiak. "Ondo" ari da funtzionatzen formula hori eta datorren urtean ere hala egiteko asmoa erakutsi dute. "Oso interesgarria da Ozetan bertan hiru taldeak mantentzea, herrixkatan banatuta, baina ibiltaria ez dugu egin aurten eta datorren urtera begira berreskuratu gura dugu hori ere".
Igerilekuan eta Monterronen
Freskura ekimenarekin ere ari dira uztailean, igerilekuan euskararen erabilera sustatuz. Mahai-jolasak edota irakurgaiak mailegatzen dituzte eta edonork parte hartu dezake: haurrek, nerabeek zein helduek. Horrez gain, Monterronen ere tailerrak egiten dituzte, martitzenetan, ekimena igerilekutik ateraz. Bi tailer geratzen dira: naturan jolasean eta zirku tailerra.