Esther Guillaumes: "Bidaiatzeko modua aldatu egin da"

Uxue Igarza Loiola 2022ko uzt. 15a, 09:55

Positiboak gora egiten hasi diren arren, oso bestelakoa da egoera iazko udarekin alderatuta. Bidaiariak oporrak hartzeko "gogotsu" daudela adierazi dute Arrasateko Halcon Bidaiak bidaia-agentziako langileek, eta, oraingoz, behintzat, ez daudela gaitzarengatik "kezkatuta".

Nora doaz bidaiariak aurten?

Guk hemen ikusi duguna da jende askok urruti samar joatea aukeratu duela; azken bi urteen ostean, bidaia luzeen alde egin du jendeak: Egipto, Turkia, Ameriketako Estatu Batuak eta Madeira dira aurtengo opor-leku nagusiak. Iaz, berriz, jendeak gertu geratzea erabaki zuen: penintsula barruko txokoak eta Kanariar uharteak izan ziren nagusi.

Igartzen duzue bidaiak hartzeko orduan Internet baliatzen dutela herritarrek?

Internetek beti irabazten digu distantzia laburretan. Halere, oraindik jende mordoa etortzen da bidaia- agentzietara; konfiantza ematen diegula diote. Adibidez, kostaldera joateko, jendeak online egiten ditu erreserba guztiak, baina Europara edo gainerako kontinenteetara bidaiatzeko, agentziak dituzte nahiago. Orain, gainera, hegazkinekin dauden arazoak direla-eta, jendeak nahiago du kudeaketa guk egiten badugu. Azken finean, profesionalak gara eta baliabideak ditugu.

Zer gertatzen da hegaldiekin?

Mundu guztiak bidaiatu nahi duenez, hegaldi mordoa dago eta aireportuek ezin dituzte kudeatu. Ez dute tokirik horrenbeste hegazkin hartzeko. Horregatik ari dira esaten konpainiei hegaldiak bertan behera uzteko –nahiz eta hegazkinak beteta egon–. Asko dira azken orduan bertan behera geratzen ari diren hegaldiak; batez ere, Europako hiriburuetan, eskala egiteko erabiltzen diren aireportuetan.

Pandemia eragiten ari da aurtengo udan, nolabait?

Egoera ez da inondik inora ere iazkoa; sumatzen da normaltasunera ari garela itzultzen. Jendea gogotsu dago oporretan joateko.

Kasuek, baina, gora egin dute azken asteetan... Bidaiaren bat bertan behera utzi da?

Momentuz, ez; ez digu inork deitu bidaia ezeztatzeko. Lasai ikusten ditugu bezeroak. Aseguruak ere baditugu...

Halere, ziurtagiriak eta bestelakoak behar dira oraindik zenbaitetan.

Bai, eta horren gainean galdetzen dute bezeroek. Jakin nahi dute ea atzerrian kutsatzen badira zer egin behar duten, edo zein agiri behar dituzten bidaiatzeko. Halere, ez da oztopo.

Zein da egoera, oro har?

Herrialde bakoitzak bere arauak ditu. Egiptora joateko, adibidez, ez da ezer behar. Maltan, ostera, txertatuta egon arren, nahitaez PCR negatibo bat behar da sartzeko. Eta, bitxikeria gisa, kruzeroetan ere, nahitaezkoa da 24 ordu aurretik egindako antigeno negatiboa aurkeztea bidaiatu ahal izateko.

Agian, prezioen gorakada da aurtengo kezka iturri nagusia?

Oso garesti dago dena. Batzuk harrituta geratzen dira prezioak ikusten dituztenean, baina berandu ibiltzeak hori dauka. Aurten, bereziki, erreserba azken ordurako utzi duenak jai dauka. Jendea azaroan hasi zen mugitzen.

Zenbat gastatuko du jendeak, batez beste?

Zaila da esatea, baina 1.500 euro inguru pertsonako.

Nola dago zuen sektorea?

Pandemiak oso gogor kolpatu gintuen; gainera, itxialdian gaizki pasatu genuen: bidaiak ezeztatzen eta bezeroei dirua itzultzeko lanean jardun genuen; ez zen batere erraza izan. Egia da aurtengoa uda ona izaten ari dela, baina denbora luzea beharko dugu aurreko bi urteetan galdutakoa errekuperatzeko.

Erlazionatuak

Nora doaz oporretan herritarrak?

Uxue Igarza Loiola 2022 uzt 13 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak