Txikitasunetik, jaialdi handia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko uzt. 15a, 11:02

Getxoko Itxaso Gutierrezek eta bere taldeak zabaldu zuen atzo, Arrasate Bluers jaialdia. Argazkia: Jon Apraiz.

Atzo hasi eta domeka bitartean egingo dute Ibai-arte merkatari elkarteak Arrasateko Udalarekin antolatu duen laugarren Arrasate Blues jaialdia; herriko erdiguneko sei txokotan banatuta, hamar kontzertu izango dira, doan eta edukiera muga barik.

Aurreko asteburuan herriko soinu banda izan ziren punk- rock eta oi! musika doinuei lekukoa hartuta abiatu zuten atzo, eguena, laugarren Arrasate Blues jaialdia. "Egitarau oparoa osatu dugu eta pozik gaude, jaialdiaren ikur den blues doinuez gainera askotariko estiloetako musikariak gurean izango direlako", azaldu du Ibai-arteko Jon Apraizek.

Aurreko asteetan antolatutako emanaldiekin motorrak berotuta, atzo hasita, hamabi emanaldirekin osatu dute aurtengo eskaintza. Musika ibilbidea jazz estiloan abiatu zuen eta egun askotariko estiloekin osatutako doinuekin zabaldu zuen kontzertuen zerrenda eskarmentuko Getxoko abeslari Itxaso Gutierrezek Herriko Plazan, eta Otalora Lizentziadunan kokatutako agertokian hartu zuen lekukoa gero Star Blues taldeak. "Ditugun bi diskoen kantuak eskaini genituen laukote formatuan. Izugarri gustatu zitzaidan jaialdirako proposamena jasotzea, gauza on asko nituen-eta entzunda Arrasate Bluesi buruz", dio Itxaso Gutierrez abeslariak.

Etxekoak ere, "ondo mimatuta"

Aurreko aldietan izan diren Iker Piris eta Itziar Yague gonbidatu dituzte, besteak beste, biharko. "Errepikatzen duten artistak formazio eta doinu berriekin datoz. Arrasaten jaiotako Yague, esaterako, boskote formatuan etorriko da: taldekideak eta urrian grabatuko duen diskoko produktore Greg Izor amerikarra lagun izango ditu. Formazio ezberdinak eta berriak bultzatzen saiatzen gara jaialditik jaialdira; hau da, karanbola ezberdinei etekina aterata. Hori horrela, Izor Paul San Martinekin izango da zapatuan egingo duen kontzertuan. Entzuteko gozagarria izateaz gainera, ikusgarria ere izango dela uste dugu, Jokin Zaitegi plazan isats-piano bat ikusteko aukera gutxi izaten dugulako. Emilio Arsuagak puntako musikariak lagun eskainiko duen emanaldia ere azpimarratuko nuke; Madrilgoa da, baina Legazpiko familia du, eta ilusioz hartu du gure gonbidapena, Euskal Herrian ez du-eta sekula jo. Blues munduan izen handikoa da Arsuaga; haren anaia Karlos bateria-jolea eta Chris Bell amerikarra izango ditu, besteak beste, alboan".

Zero kilometro aldarrian, eskualdeko musikariei ere tokia egin diete. "Jaialdian euskarazko abestiak entzutea ezinbesteko baldintza da guretako, eta baita bertako musikariak agertokietan izatea ere. Hori horrela, Elen's River Dixieland Band izango dugu kalez kale; otsailean egin genuen Merkemerkaua azokarako laguntzeko eskatu genien, eta pozgarria da banda bihurtu dela ikustea, ari dira-eta beste kontzertu batzuk lotzen. Era berean, sekulako ohorea da guretako herriko Los Zarrios eta Bergarako Diablues Ta Bluezifer bluesman-ak gurera ekartzea", dio Apraizek, eta zera gaineratu du Bergarako musikari Asier Elortzak: "Euskal Herriko eta kanpoko blues jaialdietan jo izan dugu, eta gogotsu goaz Arrasate Bluesera. Gure urdina gure bigarren diskoan oinarrituko dugu emanaldia. Hasierako 25 minutuetan Mikel eta biok izango gara, tronpetarekin, harmonikarekin eta gitarrarekin, eta ondoren, Nagore Sanz kontrabaxuarekin eta Aitor Aranburu askotariko perkusio tresna bereziekin batuko zaizkigu eta gure marka den aitzinako blues kutsua duten abestiak eskainiko ditugu".

Blues bazkariak, berrikuntza

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin antolatu dituzte, aurten estreinakoz, otordu musikatuak, Udalako Uxarte jatetxean gaur eta Hotel Mondragonen bihar, zapaturako. "Kontzertuetara bakarrik joan nahi duenak badu horretarako aukera, eta, bazkaltzera geratu gura izanez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba jatetxeetan bertan, eta tokia dago oraindik. Arrasateblues.com atarian dituzue menuak eta bestelako informazio zabala. Ez genuen Udala auzoa autoz betetzerik gura; beraz, doako autobus zerbitzua izango da, Kontzezinoko autobus geltokitik abiatuta, 13:00etatik 14:30era, eta Udalatik erdigunera itzultzeko ere izango da, 17:00etatik 19:30era".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak