Bide seguru eta egokitua gura dute oinezkoentzat

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 15a, 13:45

Musakolako hainbat bizilagun eta batzordeko kide, Osiñalde baserriko Marga Fernandez eta EH Bilduko ordezkariak.

Musakolako bizilagun talde batek, Osiña-Asuela bide publikoaren erabiltzaile batzuek eta Osiñalde baserrikoek Udalari eskatu diote Osiñako biribilgune ondoan "bide seguru eta egokitua" egiteko. EH Bilduk eta Podemos Arrasatek bat egin dute eskaerarekin.

Biribilgunea egiteko obrekin batera, Aldundiak bazterbidea oinezkoendako egokitu zuen zubi azpian. Edozelan ere, bizilagunek eta erabiltzaileek diote ez dela batere segurua. Gainera, nabarmendu dute zebra-biderik ez dagoela eta autoek dutela lehentasuna une oro. Hori dela eta, errepidetik bereizita joango litzatekeen pasabide bat eskatzen dute, zubiaren ondoan 2,5x2,5 metroko tunel bat eginda. "Seguruagoa eta irisgarriagoa izango litzateke hala". Era berean, bi aldeetan zebra-bide eta semaforo bana jartzeak ere asko lagunduko lukeela uste dute.

Zubiaren ondoan 2,5x2,5 metroko tunela egitea proposatzen dute.

Izan ere, bide publikoa dela azpimarratu du Luis Akixu auzotarrak, eta bide publiko bat ezin dela egoera horietan egon: "Saihesbidea egin zutenean, bide publikoa zena guztiz baztertu zuten eta, orduz geroztik, abandonatuta dago".

Nabarmendu dutenez, Bakuera, Bedoñara, Krutzetxikira edota Musakolako balkoira doazen mendizale asko ibiltzen da hor eta, era berean, Osiñalde baserrira joateko dagoen bide bakarra da. Marga Fernandez bizi da han, eta egunero oinez egiten ditu joan-etorriak. Dioenez, ez da gauza berria, azken urte luzeetan izaten ari diren arazo bat baizik: "Autoak ia ikusi ere ez ditut egiten gurutzatzen ari naizenean. Ez dago segurtasunik eta ezin naiz oso kargatuta joan, badaezpada, arriskutsu dagoelako. Kontu handiarekin ibili behar izaten dut eta, gainera, gidari batzuek bozina jotzen didate, haserre", adierazi du, eta zera gaineratu: "Udaletik erantzun digute hori Aldundiaren eskumena dela, baina Udaletik indar gehiago egin daitekeela uste dut, Aldundiari nolabaiteko presioa egin".

"Estuegia eta arriskutsua" da

Bizilagunetako bat, eskuarekin bidea estuegia dela adierazten.

Salatu dutenez, egungo bidea "estuegia eta arriskutsua" da. "Bide publiko izaera berreskuratu behar du, ezin da utzi orain dagoen moduan. Gainera, zubiko espaloian 30 km/h seinalea oso baxu dago eta sute-aho gorriak oinezkoendako bidea oztopatzen du".

Bizilagunak, seinalearen ondoan. Atzean, sute-ahoa.

Auzotarren eskaerarekin bat

Arrasateko EH Bilduk, biribilgunearen obrak baliatuz, pasabide segurua egiteko eskatu zion Aldundiari, eta orain, babestu egin du auzotarren eskaera. "Aukerarik egokiena zein den aztertzea derrigorrezkoa dela uste dugu, eta ostean, berau gauzatzea". Gaineratu dute Aintzane Oiarbidek "arduragabekeriaz" jokatzea egotzi diela, "oinezkoen lehentasuna bermatzea eskatzeagatik", eta obra "ezinezkotzat" jo duela.

Podemos Arrasatek ere auzotarren eskaera logikoa dela uste du. "Bizilagunek oinez pasatzeko irtenbide bat behar dute".

Aldundia: "Ez dugu ezer jaso"

Udal Gobernuak dio Aldundiaren eskumena dela eta Aldundiko Mugikortasun Sailetik azaldu dute ez dutela eskaera horren berririk eta iristen zaienean aztertuko dutela. Hori bai, zubi azpian piboteak jarriz oinezkoen eta ibilgailuen arteko ibilbideak banatzea ezinezkotzat jo zuten, "espazio faltagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak