Umorea eta akrobaziak martitzenean, korapiloak askatzeko

Hasier Larrea 2022ko uzt. 10a, 15:57

Nudo obran akrobaziak egiten ari diren une bat (Argazkia: Telon Rojo).

Esperientzia "zerutiar" bat eskainiko dute Rojo Telon zirku eta antzerki konpainiako aktoreek, Udazabal egitarauaren baitan. Hirukoteak 'Nudo' izeneko ikuskizuna taularatuko du datorren martitzenean, hilaren 12an, Biteri plazan, 20:00etan.

Uztaileko bosgarren kultur ekitaldira iritsiko da martitzenean Udazabal egitasmoa. Arrasateko Udaleko Kultura Sailak, oraingoan, hiru emakume artistak gidatzen duten pieza ikusgarria programatu du, Nudo izenekoa. "Umorea, interpretazioa eta zirkuko lurreko zein aireko teknikak uztartzen dituen ikuskizuna proposatzen dugu, ikusleari ilea harrotuko diona", azaldu dute Ana Cuervas, Maria Salmeron eta Begoña Peñaranda protagonistek.

Telon Rojo konpainiako sortzaileak dira hirurak; 2015ean hasi ziren elkarrekin lanean, eta eskutik helduta jarraitu dute gaur egun arte. Zirkua "bizitzeko filosofia" bezala ulertzen du Cuervasek; Buenos Aireskoa sortzez, 15 urte baino gehiago daramatza zirkuko profesional izan nahi dutenei irakasten Bartzelona, Tolosa (Toulouse) eta Bilbo artean. Maria Salmeronek ere Hego Amerikan deskubritu zuen diziplina artistiko hori, eta gaur egun ikastaroak jasotzen segitzen du haren espezializazioan. Uztai, trapezio, ehun eta soka artean abila eta gorputzarekin mugimendu bortitzak eta akrobaziak egiten iaioa da, berriz, Peñaranda loiutarra.

Hirurek akrobazien bitartez lagunduko dute elkar, Biteriko gasolineraren egitura aprobetxatuta, publikoari harridura transmititzeko. Eta barre eginarazteaz ere ez dira ahaztuko, elkarrizketa eta eszenaratze bitxien bitartez. Elementu horiekin guztiekin osatuko dute altura handiko esperientzia "zerutiarra".

Afrikako danborrak

Udazabalen hurrengoa Ugandan Sticks eta haien danborrak ikuskizuna izango da, hilaren 20an, Monterrongo parkean. Harreman eta Mundukide elkarte solidarioei laguntzeko asmoz, 10 euro balioko du sarrerak. Ibai-arteko komertzioetan erosita, doako sarrerak lortzeko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak