1896ko uztailaren 7an Euskal Jaiak ospatzearen aitzakiaz, Donostiako Elkarte Koraleko hogei abeslarik Gipuzkoa gurutzatu zuten ekainean, Zumarragaraino trenez eta handik Arrasatera diligentziaz joanda. Hori horrela, hurrengo urtarrilean sortuko zen Donostiako Orfeoiaren aitzindariek Herriko Plazan egin zuten lehen agerraldi publikoa. Mugarri hari beste hainbatek jarraitu diote, Juan Bautista Agirre orfeoiko kide arrasatearrak gogoan duen moduan: "1968an, 72an, 79an, 89an, 96an birritan, 98an eta 2014an etorri dira hona kontzertuak ematera; hau da, 75. eta 100. urteurrenetan hemen izan dira, eta 125.ean ere eutsiko diote ohiturari".

Tradizioa, gaurdaino
Urtero 35 kontzertu inguru eskaintzen ditu mundu osoko areto eta jaialdi garrantzitsuenetan Donostiako Orfeoiak. Tarteka, goi mailako musikariekin batera, Vienako Orkestra Sinfonikoarekin eta Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin eginak baititu elkarlanak.

Bihar, 20:00etan, Uarkapeko frontoian azalduko dira Txorbela Otxoteko, Goikobalu abesbatzako eta Arrasate Musikaleko kideekin. Izan ere, Donostiako Orfeoia ez da urtemuga borobila betetzen duen bakarra, herriko musika eskolak bere ibilbideari ekin baitzion duela 50 urte. Eta jakina da, baita ere, Txorbela eta Goikobaluko kide ugari egon direla beti Donostiako Orfeoiari laguntzeko prest.
Pieza paregabea
Arrazoi potoloak dira ekitaldi indartsu bat prestatzeko. Horren jakitun, lau taldeek Carmina Burana obra famatua aukeratu dute, publikoaren gozamenerako. 1938tik aurrera egin zen famatu Carl Orff alemaniar konpositoreak sortutako pieza, eta XII. eta XIII. mendeetako fraide erretiratuek idatzitako kantuetan oinarrituta dago.
Orfeoiko zuzendaria den Jose Antonio Sainz Alfaroren batuta jarraituko dute ordubete baino gehiago iraungo duen ikuskizunean parte hartuko duten 250 musikariek. Talde bakoitza bere aldetik aritu da hilabeteotan piezaren atalak lantzen, eta emanaldia hasi aurreko orduetan egingo dute entsegu orokorra denek batera. Baliteke sarrera bakanen bat geratzea salgai, 20 eurotan.
