Gipuzkoako Bira kanpaina iritsiko da Arrasatera

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 30a, 12:06

Gipuzkoako Bira kanpainarekin, bidegorriak eta bide berdeak erabiltzera animatu nahi ditu Aldundiak herritarrak, eta asteburu honetan zehar informazio-gunea egongo da Arrasaten kokatuko den karpan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak martxan jarri duen Gipuzkoako Bira kanpaina heldu da Arrasatera. Ekimen honen helburua Gipuzkoako bidegorri eta bide berdeen erabilpena sustatzea da, eta lehenengo geldiunea egingo du zapatuan eta domekan Jose Maria Arizmendiarrieta plazan.

Zapatu eta domeka honetan ezarriko den karpan, lurraldeko bidegorriei eta bide berdeei buruzko informazio zehatza aurkitu eta doako tailerretan parte hartu ahal izango da, eta bizikleta mota desberdinak probatzeko aukera egongo da. Asteburuan zehar, kanpainaren parte diren hainbat ekintza burutuko dira karpan:

  • Eskulanak bizikleten material birziklatuarekin tailerra burutuko da zapatuan 11:00etatik 13:30era.
  • Bizikleten mekanika diagnostikorako eta konponketa txikietarako tailerra bi egunetan izango da: zapatuan 16:00etatik 18:30era eta domekan 11:00etatik 13:30era.
  • Zapatuan ibilaldi irteera bat egingo da Arrasateko bidegorritik, Biteri plazan hasiko da 10:00etan eta Elorregi izango da helmuga. Arrasateko Adinekoen Kontseiluaren laguntzarekin antolatu da ibilaldi hau.

Gainera, Aldundiak aditzera eman duenez, informazio karpan bizikleta mota desberdinak egongo dira: elektrikoak, hirikoak, egokituak eta abar, eta bertaratzen direnek bizikletak probatu egin ahal izango dituzte, profesional batek bizikleta horiek behar bezala erabiltzen eta mantentzen irakasten dien bitartean. 

Karparen jendaurreko ordutegia ondorengo hau izango da: larunbatean 10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era eta igandean 10:30etik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak