Arrasaten "industria eta zerbitzu sare indartsua" dagoela kontuan hartuta, "premiazkoa" da arlo horietan diharduten entitateak prozesura batzea, euskararen erabilera biziberritzeko bidean. "AED bidelagun izango dute horretan eta uztailaren 6ko saioarekin horretara goaz, Euskaraldia abiapuntu gisa hartuta", adierazi dute antolatzaileek.
Ordu eta erdi inguru iraungo duen saioa baliatuko dute entitateei Euskaraldia aurkezteko, ekimena ezagutzen ez dutenei begira, bereziki. Edozelan ere, saioaren ardatz nagusia bigarren edizioan parte hartu zutenen esperientziek osatuko dute.
Lehenik eta behin, AZK komunikazio agentziako kide Jone Amonarrizek Euskaraldian parte hartzeak enpresaren ikuspegitik dituen onurak azalduko ditu, euren esperientziatik abiatuta. Bestetik, Ekide enpresako pertsonetako arduraduna eta euskara koordinatzailea den Maria Esquirozek duela bi urteko Euskaraldirako nola prestatu ziren kontatuko du.
Azkenik, gaiaren inguruko kezkak, zalantzak eta esperientziak partekatzeko tartetxo bat ere hartuko dute.
Entitateen garrantzia
Esan gabe doa, bigarren edizioan bezala, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketa sozialean ere entitateek parte hartzeko aukera izango dutela. "Euskaraldia aukerako abagunea izan daiteke gure enpresetan euskararen erabilera sustatzeari ekiteko. Alde batetik, horretarako erraztasunak ematen dituelako eta, bestetik, babes sozial zabala duen ekimena delako. Eta, ez dago zalantzarik, lan munduaren euskalduntzeak gizartearen bultzada eta aitortza behar ditu, sektoreko entitateen konpromisoaz batera", nabarmendu dute.
Halaber, ikusten dituzte herriko enpresak euskararen erabileraren aldeko urratsak ematera animatzeko arrazoi gehiago, etorkizuneko langileen hizkuntza profila esaterako. "Euskaldun olatua ari da sartzen lan esparruan, eta indarra galtzen ari da orain arte euskararen erabilera sustatzeko egon den zailtasun nagusiena, hau da, langile asko erdaldunak izateak".
Era berean, diotenez, azken hamarkadetan "aurrerapauso handiak" izan dira lan munduan euskara sustatzeko, "eta aurretik ez genuen jakintza eta eskarmentua metatu ditugu urratsa eman nahi dutenei laguntzeko".
Gonbidapena entitate guztiei
Ekimenean parte hartzeko gonbidapena egin diete entitate guztiei. "Lan egiten duzun enpresan, edozein sektorekoa delarik ere, euskara gehiago erabiltzea nahi baduzu, hementxe duzu ekiteko gonbidapena. Partekatu lankideekin eta hurbildu nahi beste lagun Kulturateko saiora", azpimarratu dute.