MUk eta Mondragon korporazioak amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 29a, 14:46

Euskaraz egindako ikasketa amaierako lanak saritu ditu MUk, Mondragon korporazioarekin batera antolatzen duen sarian. Ikasleek euskarazko proiektuak korporazioaren enpresetan gauzatu ditzaten da sariaren helburuetako bat. Hamaikagarren edizioa izan den honetan, Goi Eskola Politeknikoko bi ikaslek lortu dituzte lehen bi sariak: Zuriñe Muneta Ganuzak lehen saria lortu du Galbaianentzat egindako lanagatik; eta Amaiur Mendi Altubek bigarren saria eskuratu du Ikerlanentzat egindako proiektuagatik.

MUk eta Mondragon korporazioak euskaraz egindako ikasketa amaierako proiekturik onenak saritu dituzte gaur Mondragonek Arrasaten duen egoitza nagusian. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Zuriñe Muneta Ganuzak irabazi du lehen saria, Galbaianentzat egindako Galbaianen jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa zerbitzuaren birdiseinua lanagatik, eta 1.500 euro eman dizkiote. Bigarren sariaren irabazlea Amaiur Mendi Altube izan da, Ikerlanentzat egindako Indukzio bidezko berokuntza sistema bat diseinatzea, abiaraztea eta balioztatzea proiektuagatik. Kasu honetan, 500 euroko saria jaso du.

Mondragon korporazioaren estrategia planaren barne diren duela hamar urte sortutako sari hauen helburua da MUko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa amaierako euskarazko proiektuak korporazioaren enpresetan egitea. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta korporazioko batek osatu dute korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzten epaimahaia: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (Mondragon korporazioa).

Guztira, 876 proiektu garatu dira MUko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, zeinetatik 251 euskaraz egin diren, eta Mondragoneko kooperatibetan 299 proiektu landu diren; azken horietatik, 60 euskaraz izan dira. Alegia, aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia duten arren, euskaraz ongien idatzitakoak izan dira saria lortu dutenak.

Lehen sariduna Zuriñe Muneta Ganuzaren proiektua izan da. Master bukaerako proiektu horren helburua euskal enpresei beren enpresa-estrategian integratutako jabetza intelektualeko estrategia koherentea edukitzen laguntzea da; zehazki, Galbaian S. Coop. enpresarenaren kudeaketa zerbitzuaren berdiseinua burutzea.

Bigarren sariduna Amaiur Mendi Altuberen master bukaerako lana izan da. Indukzio bidezko berokuntzan sakontzen duen proiektu honen helburua altzairuzko barrak indukzio bidez tenplatzeko prozesua ahalbidetuko duen sistema baten diseinuan oinarritzen da. Indukzio bidezko berokuntzak ahalbidetzen du material eroaleak berotzea inolako kontaktu fisikorik gabe, eta azkarra, kontrolatzeko erraza eta iraunkorra da.

Esan bezala, sariak honako hauek izan dira: lehenengoak 1.500 euro jaso ditu eta bigarrenak, aldiz, 500.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak