Hogeita hamargarren Errozioko erromeria, domekan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 29a, 11:57

2019an egin zuten orain arteko azken erromeria.

Uztailaren 3an, domeka, Errozioko erromeriaren erdigune izango da Arruena parkea. Al-Andalus zentro kulturalak egun osoko egitaraua prestatu du hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko, eta parte-hartzaileei Errozioko jantziak eramateko eskatu diete, urtero moduan.

Errozioa bera ospatzeko egiten duten egun osoko festa bat da. Huelvan du jatorria erromeria hark (Andaluzia, Espainia), eta Pentekoste domekan ospatzen dute. "Hemen, ordea, eguraldi onarekin egite aldera, uztaileko lehen domekan egitea erabaki genuen, eta hala egin ohi dugu urtero", azaldu du Salva Delgadok, Al-Andalus zentro kulturaleko presidenteak.

Al-Andalus zentroan Ama Birjina bat daukate eta haren omenezko askotariko ekintzak egiten dituzte. Era berean, jendeak Andaluziako jakiak eramaten ditu eta sevillanak dantzatzen dituzte. Festa ospatzeaz gain, Andaluziako kultura ikusarazi eta ezagutarazi gura izaten dute egun horretan. 

Egun osoko festa

09:00etan hasiko dute ospakizuna, gosalduz eta Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako kultur elkarteei harrera eginez. Ondoren, 09:45ean, Lasarte-Oriako Semblante Rociero abesbatzak salbea abestuko du.

Errozioko Ama Birjina 10:00etan aterako da Al-Andalus zentrotik eta, erromesek eta zaldunek lagunduta, Santa Teresa elizaraino joango da. Han, lore eskaintza egingo diete elkarteetako ordezkariek eta herritarrek.

10:45ean hasiko da Errozioko Amaren aldeko meza, Victoriano Etxabe artzapezpikuaren eskutik. Halaber, Semblante Rociero abesbatzak eta Lourdes Oncalaren sevillana dantza taldeak girotuko dute saioa.

Ordubeteren ostean, 11:45ean, Ama Birjina eta erromesak elizatik irtengo dira. Irteeran, sevillanak eta abestiak eskainiko dituzte hainbat taldek, eta zaldunek Arruena parkeraino eramango dute Ama Birjina, erromeriari hasiera emanaz. Azkenik 19:30ean emango diote bukaera erromeriari.

1990az geroztik

Esan moduan, hogeita hamargarrena izango da aurtengoa. 1990ean egin zuten lehenengoz Arrasaten Errozioko erromeria, eta hasierako urteetan Udala auzora joaten ziren. "Zaldiz igotzen ginen, erromerian, karrozekin. Hiruzpalau urtez egingo genuen han, eta geroztik, Arruena parkera pasatu ginen. Urrun geratzen zen, eta errepidea ere ez zen egokiena. Azken batean, ez zen lekurik aproposena horrelako ekitaldi baterako, aparkalekuak ere gutxi zeuden eta abar", azaldu du Delgadok.

Azken bi urteetan, ordea, ezin izan dute egin, eta gogotsu daude festa berreskuratzeko. Hori bai, nahiz eta hogeita hamargarren urteurrena izan, ohi moduan ospatuko dute, aparteko ospakizunik egin barik. "Guretzako urte guztiak dira berdinak, ospakizuna bera da urtero".

Herritar guztientzako festa

Egun handia izan ohi da Errozioko erromeria, eta Euskal Herri osotik etortzen da jendea. Aurten, esaterako, hamabost autobus daude baieztatuta, eta beste bi zalantzan daude. "Hala ere, ohi baino gutxiago dira. Hainbat zentro kultural desagertu egin dira eta beste batzuek ez dute jende nahikorik elkartu. Pandemiarekiko beldurra badagoelako oraindik", dio zentroko presidenteak.

Halaber, andaluziarrez gain, festaz gozatzen duten euskaldunak ere asko direla nabarmendu du. "Interes handia pizten du jaiak herritarrengan, eta herritar asko etortzen dira erromeriara, are gehiago, gure zentroarekin inongo zerikusirik ez duen jende askok hartzen dute parte". 

Jantzi tradizionalekin kalera

Aurten ere Errozioko jantziak eramateko eskaera egin diete parte-hartzaileei. "Beti eskatu izan diegu, baina geroz eta gutxiago dira jantzi tradizionalak ekartzen dituztenak, ez baita erraza jantzi horiek edukitzea. Dantzariek eta zentroetako kideek bakarrik izan ohi dituzte". 

Jantziez harago, baina, joateko deia egin diete debagoiendar guztiei. "Arrasatearrak bakarrik ez, eskoriatzarrak ere asko etortzen dira, baita bergararrak ere. Beraz, ate guztiak zabalik daude gure festaz gozatu nahi duen edonorentzat". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak