Sortzaile gazteentzako espazioak aldarrikatuz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko eka. 24a, 16:33

Neomak taldeko kideak. Argazkia: Neomak

Ausortu ekimenak artista gazteendako eta hasiberriendako espazioen beharra eskatzeko asmoz, erdiguneko kaleetako hormetan eta bestelako guneetan sormen lanak jarri dituzte, QR formatuan batzuk eta artelana agerian beste hainbatetan.

15 eta 25 urte bitarteko gazteei diziplina artistiko ezberdinetara hurbiltzeko eta horietan trebatzeko eta sormena lantzeko asmoz abiatu zuten AEDko Ttak! gazte taldeak eta Txatxilipurdi elkarteak lankidetzan Ausortu sormen laborategia, 2018an, eta, harrezkero, herriko zein kanpoko artista eskarmentudunak gonbidatuta hainbat sormen laborategi egin dituzte. Laborategi horietatik abiatuta jaio da, bada, herriko askotariko artista gazteak biltzen dituen Ausortu ekimena. "Aurten beste forma bat hartu du ekimenak, gazte sortzaileekin hainbat bilera egin ditugu gazte sortzaileok, orokorrean ditugun kezka eta hutsuneak identifikatzeko asmoz. Gazte sortzaile moduan ditugun beharretatik abiatuta, elkartzea, ezagutzea eta saretzea da gure helburu nagusia, artista bakoitzak bere proiektuak sortzeko bidelagunak topatzeko edo elkarrekin bestelako proiektu artistikoak gauzatzeko", kontatu du Ausortu ekimeneko kide Oihan Loitik.

Kale-ekintza aldarrikatzailea

Aipatutako bilera horietatik sortu da egubakoitzean egin zuten kale-ekintza artistiko aldarrikatzailea. "Kaleak hartzea zen gure asmoa, gazte sortzaileak bagaudela eta aktibo gaudela adierazteko eta gure lanak erakusteko espazioak behar ditugula aldarrikatzeko. Hori horrela, erdiguneko hamabost tokitan jarri genituen –taberna kanpo eta barruetan, adierazpen libreko guneetan, erakusleihoetan eta hormetan– askotariko sormen lanak, guztiak Arrasateko artista gazteek eta hasiberriek egindakoak. Kale ekintza bat izanik, bagenekien arrisku bat genuela; hau da, gertatu den moduan, lan batzuk desagertu ahal izango zirela, baina lortu genuen, une labur batez bada ere, kaleak gure koloreekin eta soinuekin janztea".

Kaleetan itsatsita dauden QR irudien bidez ikus daitezke, esaterako, bideoklipak eta ekimenaren aurkezpen-bideoa, abesti bat entzuteko aukera ere ematen dute kode batzuek, eta baita poesiak irakurtzeko bidea eman ere. Horrez gainera, agerian, ikusgai daude askotariko ilustrazioak eta baita argazkiak ere.

Instagramen, 'Ausortu' kanala

"Pozik" daude lehen ekintzak izan duen harrerarekin. "Batzuei, akaso, ez zaie gustatu hormetan edo erakusleihoetan kartelak eta bestelakoak itsatsita ikustea, baina ekintza apurtzaile bat egin gura genuen, ezberdina eta zeresana sortuko zuena. Erakusleiho kanpoan jarri ditugu etorkizunean barruan jartzeko aukera izango dugula pentsatuz".

Instagramen dute Ausortu izenarekin kanala eta bertan daude aurrez aipatutako ekimenaren aurkezpen bideoa eta ekintzako hainbat argazki. "Gure ekintzak gazteengan eta orokorrean ere bai eragin egin duela sumatu dugu, Instagramen dugun kontu horretan bisitek eta parte hartzaileek gora egin dute-eta azkeneko egun hauetan; beraz, oso pozik gaude".

Irailetik aurrera, gehiago

Ausortu ekimenarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. "Ez dugu zehaztuta zer eta noiz egingo dugun, baina gehiago antolatzeko gogoz gaude, beharrezkoa ikusten dugu-eta herriko gazte sortzaileendako espazioak aldarrikatzea".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak