Las Clitorixxx: "Gai tabuak eramango ditugu txosnaguneko oholtzara"

Hasier Larrea 2022ko eka. 23a, 09:15

Argazkia: Las Clitorixxx.

Maier eta Silvia Gallastegi arrasatearrek beste hiru kiderekin batera osatzen dute Las Clitorixxx taldea. Gaur joko dute, 23:00etatik aurrera, Añube eta Banana Shake taldeekin eszenatokia partekatuta.

2016an sortu zuten, musika baino, ikuskizuna eskaintzen duen taldea. Hitz horrekin definitzen baitute euren zuzenekoa; testuak irakurriz eta abestiak joz osatzen dituzte emanaldiak, umore eta kritika dosi handiak lagun.

Zer da, zehazki, egiten duzuena?

Ikuskizun transfeminista da gurea. Gure aldarriak ez dira ohiko kontzertuetan entzuten: gorputzak, gure aluak, monogamia, patriarkatua, heterosexualitatea, jaso dugun heziketa, eliza katolikoaren arauak nola jarraitzen ditugun… gai tabu ugari plazaratzen ditugu. Jendeak flipatzen du ikusten gaituenean, eta barrez lehertzen dira. Hanka sartzen dugu  kantuak jo bitartean, berriz hasten gara… antzezlantxo polita egiten dugu. Bestalde, mundu osoak esaten digu halako gaiak lantzea oso beharrezkoa dela.

Umorea eta seriotasuna, biak uztartzen dituzue.

Honako sekuentzia jarraitzen dugu: lehenengo, eduki nahiko serioa duen testu bat irakurtzen dugu, eta gero, abesti bat jotzen dugu, alderdi komikoa erantsiz.

Txosnagunean eroso sentituko zaretelakoan?

Erabat. Oso harreman ona daukagu txosna batzordeko hainbat kiderekin. Duela 5 urte inguru eskaini ziguten sanjuanetan jotzeko, eta ezezko erantzuna eman genien, lotsa ematen zigulako halako plaza handi batean agertzeak. Aukera hura beti izan dugu gogoan, eta orain arantzatxoa kenduko dugu, beraz, pozik gaude.

Arrasaten sarri jo duzue.

Lehen kontzertua gaztetxean izan zen, Perlatarekin. Gero, St. Pauli Eguna, Elkartasun Egunean birritan… jo izan dugu. Lagun mordoa dauzkagu herrian, eta ilusioa eragiten digu euren aurrean jotzeak.

Gainontzean, nondik nora ibili zarete azkenaldian?

Joan den uda mugimendu handikoa izan zen: Abadiñon, Otxandion, Durangon, Beasain inguruan, Legution, Lizarran… aritu ginen. Abenduan gaztetxean geneukan hitzordua, baina bertan behera geratu zen, eta azkenean Otxandioko taberna batean amaitu genuen jotzen. Aurten Sorgiñolan, Durangoko gaztetxean, eman dugu zuzeneko bat. Taldekide guztiok batzeko zailtasunak izaten ditugu. Pentsa, bateriajolea Huescatik etorriko da gaur, justu-justu iritsiko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak