Protokolo transfeminista izango du aurten txosnaguneak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 21a, 12:38

Txosna Batzordeko kideak, protokoloaren aurkezpenean. (Argazkia: Txosna Batzordea).

Sanjuanetan, erasoen aurkako protokoloa egongo da txosnagunean. "Baina, oraingoan, berritasun batekin dator: protokolo transfeminista izango da, eraso matxistez gain, bestelako erasoei ere aurre egingo diena (eraso arrazistak, gorputz disidenteen aurkakoak, LGTBIAQ+foboak...)", azaldu dute Arrasateko Txosna Batzordetik.

"Jaietan denok ondo pasatzea dugu helburu, eta, horretarako, jai-guneak ere espazio seguru eta askeak izatea nahi dugu", diote batzordeko kideek. "Hori lortzea denon ardura da, eta horregatik, ardura horri helduta, izango dugu protokoloa txosnagunean".

Modu horretan, protokoloak hiru helburu nagusi ditu: "Jendartean gaiaren inguruko kontzientzia landu eta erasoen kontra egitea guztien ardura eta konpromisoa dela ulertaraztea; hainbat neurri zehatz martxan jartzea, eraso baten aurrean, ikuspegi transfeministarekin erantzun ahal izateko eta Emakumeak*, gorputz disidenteak zein pertsona arrazializatuak jaietan subjektu aktibo bilakatu eta autodefentsa transfeministaren aldarria zabaltzea".

Eraso sexista, arrazista zein LGTBIAQ+foboak hamaika forma har ditzaketen erasoak direla adierazi dute, eta sexu, genero, sexu aukera/identitate, arraza, kultura, jatorri edota itxura fisikoari dagozkion normatibitateak zehaztutakoa ez betetzearen ondorioz gertatzen direla.

Autodefentsa transfeminista

Txosna Batzordearen borondatea da pertsonak "modu seguru, horizontal eta askean" harremanduko diren espazioak sortzea. Beraz, espazio horiek bermatu ahal izateko, autodefentsa transfeministarako dei egiten dute: "Auto, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor behar ez dugulako; defentsa, legitimitate osoa dugulako eraso ororen aurrean erantzuteko; transfeminista, errora jotzen dugulako harreman eredu berriak sortuz".

Hortaz, nabarmendu dute protokoloa aktibatzeko aukera izango duela eraso bat pairatu edo ikusi duen edonork, barran daudenei jakinaraziz. "Horiek arduradunari jakinaraziko diote egoera eta, horrenbestez, erasoaren berri ematen duena ez da inola ere bakarrik egongo", gaineratu dute.

Manifestazioa, txosnagunetik

Horrekin lotuta, ekainaren 24an, 00:00etan, manifestazioa egingo dute txosnagunetik abiatuta,  Autodefentsa transfeministaz armatuta gaude! lemapean.

Bestalde, Emakume Txokoak indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du Arbolapetan.

Azkenik, protokoloaren lanketan batzordearekin batera lanean aritu direnei eskerrak eman gura izan dizkiete: Amerika Elkarteari, Morborri eta Guerrerasi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak