Makala, dantzak eta sua prest

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 20a, 11:00

Errementari dantzaren paseoa 2019an.

Inoiz baino jende gehiagok ikusiko ditu San Juan bezperako ekitaldiak; zuzenean emango dituzte, elkarlanean, Goiena Komunikazio Taldeak eta ETBk.

Salmenta ireki eta bi orduan agortu dira aurten San Juan bezperako herri bazkarirako txartelak. "Jendea gogotsu dagoela dirudi", azaldu du txosnaguneko ordezkari Gorka Etxabek. Gauzak horrela, 400 lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan eta makala igotzea izango da gazteen hurrengo egitekoa. "Makala moztuta eta zurituta dago, eta 16:30ean utziko dute Uarkapen. Herri bazkarian egin ohi da zerrenda bat plazara iritsitakoan nortzuek altxatuko duten zehazteko. Denen artean eramango dugu bertaraino".

Berdez jantziko da plaza aurten makalaren igoerarako; izan ere, kolore horretakoak dira herriko gazteek San Juan bezperan jantziko dituzten kamisetak. Pregoia prestatzeko lanarekin batera, Euskal Herrian Euskaraz taldeari egokitu zaio kamisetak egitea, eta euskararen aldeko leloekin diseinatu dituzte, bereziki.

Herritarrak ez ezik, txosnaguneko arduradunak ere gogotsu daude 2022ko jaiei hasiera emateko. "Iaz ere jarri genuen txosnagunea, baina modu oso berezian; aulkiekin eta eserita egon behar zen. Egia esan, desiratzen gaude atzera ere San Juan jaiak normal ospatzeko", adierazi du Etxabek.

Errementari dantza

Urtean behin hartzen ditu kaleak errementari dantzak. Lau piezak osatzen dute: kalez kale egiten den aurreko paseoak eta plazan egiten diren alkate dantzak, ingurutxoak eta polkak. Ehun dantzari ari dira errementari dantza prestatzen; 25 bikote jarriko ditu Lore Gazteak dantza taldeak eta beste 25 Txikitxu-Arrostaitz taldeak. "Badira aste batzuk entseguekin hasi garela", azaldu du Lore Gazteak taldeko Xeli Arregik. "Ez da erraza denak batera elkartzea, eta orain artekoak taldeka egin ditugu. Entsegu orokorra zapatuan egingo dugu, eguerdian, Jokin Zaitegi plazan".

Urtero moduan, gaiteroak, txistulariak, trikitilariak, Arrasate Musikaleko musikariak eta dantza taldeak izango dira errementari dantzan parte hartzen. Koordinazio-lan handia dago, beraz, ekitaldi horren atzean.

21:00etan hasiko da errementari dantza. Ilundutakoan piztuko du San Juan sua dragoiak. 22:30ak bueltan izango da hori. Maria Ubarretxena alkateak egingo du alkate dantza eta amaitutakoan San Juan sutara botako ditu alpargatak. Ondoren, dantzarien txanda izango da berriz.

Aldaketa, aurten, pare bat dantza bikote bi emakumek osa- tuko dutela. "Pena da, baina mutil falta dago. Egoerari buelta ematea gustatuko litzaiguke. Konturatu beharko lukete plaza galtzen ari direla".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak