Goienak zuzenean emango ditu Sanjuanetako hainbat ekitaldi

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 20a, 11:00

ETBrekin elkarlanean, San Juan gauari eskainitako saio berezia izango da, Goiatz Aranak eta Imanol Artolak aurkeztuta. Makalaren igoera, eta San Juan eguneko entzierroa zein zezen-plazako bigantxen saioa ere zuzenean eskainiko ditu Goienak.

Inoiz baino jende gehiagok ikusiko du errementari dantza aurten. Bertaratzen direnek plazako pantaila handian ikusteko aukera izango dute. 18.00etan piztuko da pantaila makalaren igoera ikusteko. Ondoren, dantzariek Arrasateko kaleetan zehar egingo dituzten dantzak plazan bertan ikusteko aukera izango da. San Juan suaren bueltan Herriko Plazan egingo diren ekitaldi guztiak ere –San Juan sua, alkate dantza, ingurutxoa eta polka– ikusiko dira. Danborrada amaitutakoan itzaliko da pantaila.

Goiena telebistak ere programazio berezia eskainiko du San Juan bezperan. 18:00etan, Hemen Debagoiena saioa Herriko Plazatik zuzenean egingo da, eta makalaren igoera eskaini.

Goiena eta ETB elkarlanean

Ondoren, 22:15ean, ETBrekin elkarlanean, San Juan gauari eskainitako saio berezia izango da, Goiatz Aranak eta Imanol Artolak aurkeztuta. Bi komunikazio taldeen arteko elkarlanaren emaitza da; ordu berean ikusi ahal izango da zuzeneko emankizuna Goiena telebistan eta ETB1en.

Goiena telebistaren ekoizpen hauek Goiena.eus ataritik eta Goiena aplikaziotik ere jarraitu ahal izango dira.

Beste saio bereziak

Ekainaren 24an, egubakoitza, Goienak zuzenean eskainiko ditu 09:00etako entzierroa eta ondorengo bigantxak zezen-plazatik –Goiena telebistan eta Goiena.eus-en ikusgai–. Arratsaldean, berriz, jaien inguruko saio berezia izango da.

Sanjuanetako Jaiak saio berezia ere ekoiztuko du Goienak, Aitor Agirianok aurkeztuta. Hilaren 28an, martitzena, izango da ikusgai, 21:00etan eta 23:00etan.

Goiena eta ETB elkarlanean

 

Unai Iparragirre - ETBko zuzendaria

"Elkarlanean jardungo dugu ETBk eta Goienak San Juan bezperan Arrasatetik. Elkarlanak edukia asko aberasten du eta, gainera, ikus-entzulea ateratzen da irabazten. Euskal Herriari zor diogu hau", adierazi du ETBko zuzendariak. Arrasatearra 2021eko otsailetik da euskal irrati eta telebista publikoko zuzendaria, eta bi erakundeek emanaldi bateratua egingo dute Arrasateko plazatik. Goienaren zein ETBren ikus-entzunezko hedabideetan izango da ikusgai. "Lehenago ere jardun dugu elkarlanean; Tokikom-ekin jardun genuen azken Korrika-ko zuzeneko saioetan eta azkena, orain astebete, Fito & Fitipaldis-en kontzertuan RTVE-rekin". 

Iban Arantzabal - Goienako zuzendaria

"Goienak urteetan sinatu du kolaborazio hitzarmena EITBrekin, Maite Iturbe zuzendari zenetik. Andoni Aldekoak ere aliantzen premia azaleratu du plan estrategikoan. Orain, hitzei edukia jartzeko momentuan gaude, eta emankizun bateratu hau horren adibide da. Hasiera ona, jarraipena izatea nahi genukeena. Erraztu du emanaldi hau egiteko Oihane Agirrek eta Unai Iparragirrek egindako lanak. Arrasateko San Juan bezpera inoiz baino jende gehiagok ikusiko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak