Kontzientzia feminista eta lana batera bizi ditu paralelo Egizabal umoristak; eta dio egunerokoan modu naturalean patriarkatua identifikatzea kosta egiten dela.
Umorea eta feminismoa uztartu dituzu.
Nire ibilbidean oso paralelo joan dira bai umorea eta baita feminismoa ere. Lanean hasi aurretik jada emakume taldean baneukan feminismoarekiko harra. Baina lanaren bitartez, feminismoarekiko harreman estuagoa izan dut. Clown ibilbidea Oihulari eta Virginia Imazekin egin nuen, eta oso garrantzitsua izan da, zeren parte hartu izan ditugun hitzaldi eta jardunaldi asko feminismoaren bueltakoak izan dira. Eta hor ikusi nuen feminismoa uste baino zabalagoa dela eta gure bizitzako edozein arlo harrapatzen duela. Horregatik esan dizut oso paralelo joan direla kontzientzia feminista eta lana.
Nola ikusten duzu gaur egun mugimendua?
Feminismoa iritsi da leku askotara eta ospatzekoa da. Mugimendu guztietan gertatzen den bezala, korronte ezberdinak daude, baina jendea haserretu egin da. Feminista ez dena eta patriarkatuarekin erosoen dauden gorputzak haserretuta daude eta hori feminismoari esker da. Orokorrean, ordea, garai gogorrak datoz. Erreakzionarioak ere haserre daude, eta, noski, feminismoarekin ez daude gustura, feminismoa dena hankaz gora jartzera baitator. Gatazkatsua izango da, eta, momentu batzuetan, gatazka batzuek min handiagoa emango digute. Baina hemen gatazka batzuek bizitza osoa daramate... eta eskuina hor dago burua aterata. Denok kolokatu behar dugu, baina ez da bata edo bestea... eta fronte asko aterako dira, eta hori da feminismoak daukan indarra.
Gatazka horiek umoretik hobeto ulertzen dira?
Bai, baina umorea ez da neutroa. Parez pareko umorean sentitzen naiz erosoen neure buruari barre eginez. Behetik gora egiten baduzu, ordea, boterea duena haserretuko da. Beraz, nire kontraesanak eta nire buruhausteak –gizarte zati handi baten berdinak dienak– taularatzen ditut eta, nolabait, zeure burua isla- tuta ikusten duzu... Eta nik bide hori erabiltzen dut.
Magma mia ikuskizunean hori izango duzu ardatz.
Egunerokotasunean patriarkatuak eragina duela kontatzen dut. Saiatzen naiz helarazten patriarkatuaz ari garenean nola zeharkatzen gaituen egunerokoan eta baita ere arreta jarriz gero modu kontzientean, patriarkatua identifikatzen, alegia. Izan ere, ez dugu patriarkatua identifikatzen, eta hor dugu arazoa. Gauzak normalak eta naturalak direla iruditzen zaigu, eta ez da horrela. Nola azaltzen duzu emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela?