Zure musika ibilbidearen 25. urteurrena ospatzen diharduzu; nola bizi duzu urte berezi hau?
Ez nuke esango kontzienteki ospatzen ari naizenik. Besteek borobiltzen dituzten datak dira, baina ni ez naiz batere horrelakoa, egia esan. Ikusten dut denbora daramagula jotzen, eta gauza ederrak gertatu eta egin ditugula, eta bide horretan sentitzen naiz ni. Egia da justu aipatze hutsak jarri gaituela errepertorioan atzera begira eta aurreko diskoetatik ateratako kantuekin emanaldiak egiten dihardugula. Baina, oro har, ez naiz batere horrelako data esanguratsuen bueltan dabilena.
Nolako emanaldia izango da sanjuanetan egingo duzuena?
Taldea zuzenekoetan oso momentu onean eta ederrean dago. Ari gara lehengo abestiak eta azkenengoak formatu zabal honetara berriro ekartzen. Abesti zaharren berrirakurketa egiten ari gara, eta azkenengo urteetako abestiekin osatuta musika ibilbidea jasotzen duen emanaldi historikoa izango da, nolabait esateko.
Alboan dituzun musikariak, gainera, ez dira edonolakoak!
Hala da, bai. Batzuk nirekin hasiera-hasieratik daude, eta, niretzako, haiekin bidea egitea, denbora partekatzea eta elkarrekin jotzea, horixe da ederrena. Bai gure lekua musikan, baita ere musikaren lekua gure ustetan dena, edota musikaren lekua munduan zein den elkarbanatu ditugu hasieratik. Esango nuke aldaketak izan ditugula, bai, eta bizi izan ditudala bereziki nirekin hasieratik izan diren Mikel Abrego bateria jolearekin eta Drake baxu jolearekin. Gerora etorri da Ander Mujika gitarra jolea; eta azkena Xabi Etxeberri biola jolea dugu. Biek ala biek ere asko eman diote taldeari, zalantzarik gabe. Emanaldietatik oso gustura irteten naiz. Taldekideak mila daude, baina nireak horiek dira. Oholtzan gustura egotea ere transmititzen da, gainera. Nahiz eta ni bakarlaria izan, zuzenean banda bat ikusten da eta banda bat gara.
Eta orain, belaunaldi berria zuen kontzertuez gozatzen ikusten duzu.
Hala da; azken urteetan, gure zuzenekoetan gertatu den gauzetako bat izan da oso-oso jende gaztea gerturatzen zaigula, hain zuzen ere. Adibidez, nahiko kuriosoa da bakarrik jotzen dudaneko unea, zeren jende horrek ez nau-eta inoiz bakarrik ikusi. Orain dela 25 urtetik jarraitzen nautenek badakite bakarrik hasi nintzela eta bakarrik ere kontzertuak eman izan ditudala, baina belaunaldi gazteak ez daki hori. Errepertorioari dagokionez, zenbait abesti zaharrekin berriro adiskidetu nau; bestela, agian, orain ez nituzke joko, ez bainaiz aspaldiko zenbait abestiren moldean sartzen. Baina belaunaldi gazteak eskertzen ditu kanta horiek, inoiz ez baitu zuzenean entzuteko aukerarik izan. Era berean, aldiz, sentitzen dut distantzia bat. Musika egiteko erarekin, diskoa produzitzeko moduarekin, autogestioarekin... mundu batekin lotuta nator, eta gazte horiek ez dute ezagutzen mundu hori. Denok dakargu geure historia propioa, eta ez da izan abestiak egitea soilik. Guk autoekoiztu egin dugu eta Bidehutsen bitartez kaleratu dugu diskoa; guretzako hori izan da musikaren parte handi bat, eta horrek ere horrelako arrakala bat sentiarazten dit.
Badira jada zazpi urte Zure aurrekari penalak diskoa argitaratu zenuela. Noizko, lan luze berri bat?
Ezingo nizuke esan data zehatz bat; baina buruari bueltaka bagabiltza eta ikusten dugu disko berri bat aurrerago. Soilik esan bagabiltzala horretan ere.
Gure PJ Harvey zarela edota Nick Cave; zenbatetan entzungo ote zenuen horien isla zarela euskal rock panoraman.
Niri PJ Harvey izugarri gustatzen zait, bereziki lehen diskoak, baina Nick Cave gehiago entzun eta jarraitu dut. PJ Harveyren hasierako diskoak asko gustatzen zaizkit, baita haren diskoak produzitzeko modua ere. Nick Cave soinu aldetik, instrumentazioa... zalantzarik gabe, nire erreferentea da. Horrek asko zabaltzen du espektroa; izan ere, PJ Harveyrekin soilik lotzean ematen du emakumeak emakumeekin bakarrik lotu daitezkeela, eta hor badago sinplekeriarako joera bat. PJ Harvey edo Patty Smith. Askok komentatu didate Smithekiko antzekotasuna ere, baina, diskoren bat edo beste izan dudan arren, ez dut askorik jarraitu, egia esan. Gehiago jo dut Nick Cave, Leonard Cohen edo Bob Dylan-en musikarengana.
Oñatin Bilgune Feministaren 20. urteurrenean izateko aukera ere izan duzu.
Bai eta niretzako ederra izan da kontzertu hori antolatu izana Bilgune Feministak Oñatin. Nire kantuak ere borroka feministatik oso gertu egon dira urte hauetan guztietan.