MUko hainbat ikasle, gaixotasunendako irtenbide berritzaileen aurkezle Biomedikuntzaren Egunean

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 17a, 11:25

Bioteknologiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak Ingeniaritza Biomedikoko Graduan eta Teknologia Biomedikoen Unibertsitate Masterrean egiten ari diren lanaren balioa nabarmendu du. Teknologia biomedikoko ikasleak zenbait proiektu ari dira garatzen Project Based Learning ereduan oinarrituta, gizartearen benetako beharrizanei erantzuteko soluzioak garatzean oinarritutako ikaskuntza sustatzeko.

Ingeniaritza biomedikoak pertsonen osasunerako tratamendu berriak hobetzea du helburu, eta Bioteknologiaren Nazioarteko Egunaren barnean, MUko Eskola Politeknikoak Ingeniaritza Biomedikoko Graduan eta Teknologia Biomedikoen Unibertsitate Masterrean egiten ari diren lanaren balioa nabarmendu nahi izan du.

 

Ikasleek hiru proiektu sortu dituzte biomedikuntzarako irtenbide bezala

MUk Europako estrategiekin batera apustu irmoa eginda dauka osasunari eta teknologiari lotutako proiektuak sustatzeko. Ingeniaritzako titulazio berri horiek ikasleen artean eduki duten harrera ona datuetan nabaritzen da: azken 9 urteetan 350 pertsona baino gehiago prestatu dira espezialitate horretan.

Learning-by-doing (eginez ikasi) delakoaren ildo horretan, biomedikuntzaren adarreko ikasleak zenbait proiektu garatzen ari dira benetako beharrizanetarako konponbideak emango dituzten proiektuak garatzean oinarritutako ikaskuntza sustatzeko. Teknologia Biomedikoen Masterreko ikasleek proiektuen gaia aukeratzen dute eskaintza zabal baten barruan, beren interesen arabera, gehien interesatzen zaienean espezializatzeko. Hauek dira garatutako PBLen adibide batzuk: 

  • Bi ikaslek alzheimerra erresonantzia magnetikoan lortutako irudiak erabiliz diagnostikatzeko proiektu bat garatu dute. Garuneko irudiak prozesatzeko teknikak ari dira garatzen, DWI (Diffusion Weighted Imaging) motakoak, baita adimen artifizialean eta Deep Learningean oinarritutako algoritmoak ere, alzheimer gaixotasuna diagnostikatzeko eta gaixotasun horren biomarkatzaileak aurkitzeko.
  • Teknologia Biomedikoen Unibertsitate Masterreko bi ikasle bularreko minbizia irudi mediko bidez detektatu ahal izateko proiektu bat ari dira lantzen. Mamografiak prozesatuz informazio garrantzitsua ateratzea eta adimen artifizialean oinarritutako ereduak entrenatzea, minbizi horren detekzio goiztiarra lortzea da haien helburua.

  • Bularreko minbizia ekiditeko teknikekin jarraituz, Lab-on-a-Chip izeneko sistema mikrofluidiko bat garatzen ari dira bi ikasle. Tumore-biomarkatzaile potentzialen bilaketarako txip bat diseinatu dute eta fluidoen portaeraren simulazioak egin dituzte txip horretan, fluido-dinamika konputazionalaren bidez. Dagoeneko txiparen prototipo bat dute prest, eta analisi esperimentalak egiteko bidean daude.

MUk teknologia biomedikoen alde egin du

Ingeniaritza Biomedikoko Gradua lau urteko gradua da, eta xedetzat du ingeniaritzako teknikak medikuntzaren eremuan aplikatzea, osasun-sistema berrituz, errehabilitazio-prozesuan dauden pertsonei lagunduko dien tratamendu berriak garatzeko. 


Teknologia Biomedikoen Unibertsitate Masterra urte eta erdiko masterra da, digitalizazioaren eta robotikaren ondorioz, espezialitate batzuetako ezagutzak dituzten diziplina anitzeko profilak eskatzen duten enpresetan lan egitera zuzenduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak