Mikel Alvarez: "Gizartean eragiteko habia goxoa da Garaia"

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 17a, 11:08

Duela hamabost urte egin zen urratsa Garaiako eraikin nagusia egiteko. Orain, atzera begira jarri eta hurrengo pausoen gainean aritu da Parke teknologikoko lehendakaria.

2000. urtean abiatu ziren Garaia Parke Teknologikoa egiteko lehen lanak. Duela hamabost eraiki zen gune nagusia, eta azken lau urteetan lehendakari izan den Mikel Alvarezek balioa eman die "ekosistema eraldatzailearen ekarpenei", eta etorkizuneko asmoez jardun du.

Noiz iritsi zinen zu Garaiara?

2009an iritsi nintzen, baina ez parke teknologikoari zegozkion lanetara, Mondragon Taldean jardutera baizik. Azken lau urteak izan dira parkeari beren-beregi lotuta egin ditudanak.

Zer pentsatu zenuen gune teknologikora iritsi zinenean?

Oso sentsazio positiboa izan zen. 2009an, bazeuden gauzak, baina ez askorik; enpresa gutxi zeuden. Eraikinaren %30 egongo zen beteta; agian, gutxiago: laurden bat. Baina poliki-poliki joan da osatzen –ekimen berriak, enpresa berriak...–, eta oso sentsazio ona daukagu. Ekintzailetasunari lotutako iniziatiba asko kokatu dira bertan, eta horrek gazte asko ekartzea ere eragin du. Gainera, harreman ugari egin dira enpresa askoren artean.

Garaian ekosistema bat eratu dela esan ohi duzue...

Sistema bizi bat baita. Zokoetan, mediterraneoko merkataritzan, gertatzen denaren antzekoa da; horrelako aspaldiko egituretan, harremanen bitartez garatzen da berrikuntza. Askotariko alorretako artisau edo langileen arteko loturek eta harremanek elikatzen dute zokoa, sistema, eta hemen berdina gertatzen da, baina ikuspegi teknologikotik. Ekimen eta ideia berriak jaiotzen dira elkarren arteko harremanetatik.

Horretarako lagundu egiten du Debagoienean kokatuta egoteak?

Garaia Parke Teknologikoak bere funtzioa betetzeko egoera pribilegiatua du bailara honetan. Bi ezaugarri garrantzitsu ditu lapikoan: unibertsitatea eta industriaren pisua. Horrek enpleguaren kalitatea hobetzen du, harremanak sendotzen ditu, parkea elikatzen du...

Hortaz, parkeak ere, modu berean, ekarpena egiten dio bailarari?

Bai. Nik uste dut herri eta eskualde mailan oso interesgarria dela Garaia Parke Teknologikoa bezalako proiektua mimatzea eta bultzatzea. Kontuan izan behar da gaur egun eraikina beteta dagoela; 9.000 metro karratu inguru daude enpresa eta proiektuz beteta. Bestetik, egia da oraindik lursail batzuk ditugula saldu gabe. Espazio teknologikoak dira, ez da lur industriala. Halere, lur industrialak betetzeko ere badaude arazoak. Eremu asko daude Arrasate inguruan; batik bat, hutsik geratu diren eraikin industrial zaharrak.

Atzera begiratuta, sorrerara, zer datorkizu burura?

Polo edo parke teknologikoarekin amestu zuten pertsonek asmatu egin zutela. 25 urteko epea izan zuten kontuan. Orain, gure helburuak eta proiektuak epe laburrekoak izaten dira. Sarri esaten den moduan, baina, iloben etorkizunean jarri behar dugu begirada.

Nola ikusten duzue etorkizuna? Egin duzue bide-orria?

Zaila da aurreikustea zer etor daitekeen, eta azken bi urteek ondo erakutsi digute zein azkar alda daitekeen egoera. Ez dakigu non, zein merkatutan, sortu daitekeen zomorro bat edota zein lekutan botako duten bonba bat. Hori kontuan izanda, eta ikuspegi positiboa eduki nahian, hurrengo asmo batzuk zehaztu dira: zerbitzu gehiago ematea, beste eraikin bat handitzea, lursailak erakargarri egitea industria berriarentzat... Horretarako, alderdi ekonomikoari erreparatuta, dena ondo bidean, baditugu erabilgarri dauden baliabideak. Komunitatea sendotzeko balioko dute asmo horiek guztiek.

Zein da, orokorrean, zuen, Garaiaren, helburu nagusia?

Gu habia bat gara, eta gure helburua habia goxoa izatea da. Berrikuntza sustatu, gizartea aberastu eta ekarpena egin nahi dugu hemendik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak