Azken urteetan bezala, Seber Altube plazan egingo da aurten ere sanjuanetarako AEDk antolatzen duen bertso saioa, jaietako azkenaurreko egunean, 12:30ean. Etxeko bertsolari bat –Ane Zuazubiskar, Osinalde sariketako aurtengo irabazlea–, aramaioar bat –Xabi Igoa, Arabako finalean kantatu berria–, bizkaitar bat –Jone Uria, Algortakoa– eta nafar bat –Xabat Illarregi, Leitzakoa– ariko dira kantuan, eta bi arrasatear gaiak ematen ere, Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses –gai-jartzaile bakarra beharrean, bi izango direla da aurtengo saioko nobedadea, baina horrek ez duela saioa ezaugarrituko adierazi dute, ohikoa izango dela–.
AEDko Itxaro Artolaren arabera, "jende gazteari begira" antolatzen dute, bereziki, saioa, nahiz eta, noski, publiko mota oro izango den plazan ongietorria: "Hain bertsozale izan ez eta areto batera propio bertsoak entzutera joango ez litzatekeen jendea ere erakarri nahi dugu kalean eginda, bertsolaritza ezagut dezaten".
Zenbait irizpide
Gai-jartzaileek eurek izan dute bertsotan jardungo duen laukotea aukeratzeko ardura ere, AEDk dituen zenbait irizpideri jarraikiz, betiere: "Gazteak izan daitezen nahi izaten dugu, eta saiatzen gara herrikoak edota bailarakoak ere egon daitezen, horrek ere zenbait jende erakarri dezakeelakoan, eta gertuan dugunari balioa emateko".
Gai-jartzaileei dagokienez, bi gazte arrasatear –herrian bertso eskolan eta AEDren gazte taldean aritutakoak– izango dira lan horretan, Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses. Bertso giroan jarduten duten bi lagun dira, gai-jartzaile eta Gasteizen –han ari dira ikasten–, batez ere. Sanjuanetako saioan lehen aldiz jarriko dituzte gaiak. "Eurek egin ziguten proposamena, jaietako saioan gaiak emateko gertu zeudela eta. Gazteak horrela animatzeak eta prestutasuna agertzeak asko pozten gaitu, eta 'aurrera!' esan genien", dio Itxaro Artolak.
Bertsozaleek, horrenbestez, zapatuz dute urteroko hitzordua sanjuanetan.