"Egun berezia" izango da hurrengo zapatua txatxilitarrentzat, "haur eta nerabeekin batera" Eguzkilaru Eguna eta Gaztelaru Eguna ospatuko dituzte eta; hala aitortu dute elkartekoek eurek, prestatutako egitarauak aurkezterakoan. Izan ere, bueltan da, bi urteren ostean, haur eta gaztetxoentzako Txatxilipurdiren eskaintza.
Eguzkilaru Egunari dagokionez, bi gune izango dira: Monterron parkea eta Biteri plaza, hain zuzen ere. 11:00etatik 13:30era, jolas-gunea egongo da, alde batetik, Monterronen: zuhaitz margolaria, tirolina, oihaletatik zintzilik, 0-4 gunea, ur bideak, lokatz gunea eta eskalada; 19:00etan, berriz, Kui-Kui ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.
Biterin ere jolas-gunea egongo da, alde batetik, Monterrongoaren ordutegi berarekin: aurpegi margoketa, oreka pasabideak, puzgarria, ohe elastikoak, karaokea, kutxa dorrea eta sormen txokoa.
12:45ean, Eguzkilaruri ongietorria egingo diote, eta makala igoko dute. 13:30ean, azkenik, apar festa izango da.
Gaztetxoentzako ekintzak
Txikienentzat bakarrik ez, 12 urtetik aurrerakoentzako ekintzak ere izango dira hurrengo zapatuan –Biteri plazan, horiek ere–. "COVIDaren aurretik hasi ginen 12-15 urtekoentzako egitaraua indartzen, eta aurten ere gauza bera egin nahi izan dugu. Eurentzako aproposak izan daitezkeen ekintzak eta txokoak antolatu ditugu", adierazi du Txatxilipurdiren Kultura arloko arduradun Itsaso Garaik.
17:00ak eta 19:00ak artean, henna tatuaiak egiteko aukera, txapen tailerra eta freskagarri eta zukuen gunea izango dituzte, batetik. 18:00etan, Bat irabazteko proba-jolasa egingo dute, eta 18:30ean apar-festa; eta dena, musikak girotuta.
"Bi urteko geldialdiaren ostean, indarrez hartu dugu itzulera, nahiz eta pixka bat kosta, martxa hartu arte. Baina gogotsu hartu dugu lana, eta, antolatutako egitarauarekin, arrakasta izango dugulakoan gaude", dio Garaik.