Ikasleek askotariko proposamenak egin dituzte, jasangarritasuna ardatz

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 15a, 10:22

Ikasleetako bat, berbetan, osoko bilkuran, udal ordezkarien eta hainbat gurasoren aurrean.

Agenda 2030 egitasmoaren baitan, hiri eta komunitate jasangarriak landu dituzte Arrasateko Herri Eskolako, Institutuko eta Arizmendi Ikastolako ikasleek, eta gai horri buruzko askotariko proposamenak egin dizkiete udal ordezkariei, haiek hainbat konpromiso hartzeaz gain. Halaber, txosten batean batu dituzte horiek guztiak.

Ikastetxe horietako 6 eta 18 urte bitarteko ikasle guztiek jardun dute aurtengo ikasturtean Eskolako Agenda 2030 lantzen, Udalako Ingurumen Eskolarekin elkarlanean.

Denetarik egin dute ikasleek gaia lantzeko: "Garapen Iraunkorreko 17 helburuak ezagutu eta landu ditugu bideo eta erruletaren eskulanaren bitartez; Udala inguruko natur eta kultur ondarea ezagutu ditugu, elurzuloa, karobiak eta bertako basoak; Udalako arteen eta haritzen ezkurrak erein ditugu naturaren zatitxo bat Arrasatera eramateko; Garagartzako ortu komunitarioak landu ditugu eta abar".

Ondorio interesgarriak atera dituzte

Lanketa egin ostean, hainbat ondorio atera dituzte. "Esaterako, ohartu gara, lurrean zein errekan zabor asko dagoela eta honek kalte egiten digula bai guri eta baita naturari ere. Hauek dira lurrean gehien aurkitu ditugun zaborrak: zigarroak, txikleak eta erabilera bakarreko plastikoak", azaldu dute.

Era berean, herriko mugikortasuna aztertzeko egin dituzten behaketetan ikusi dute askotan autoan pertsona bakarra joaten dela eta autobusak erdi hutsik joaten direla. "Jokamolde hauek kalteak sortzen dizkiote gure herriari: airea kutsatzen da, zarata handia egoten da eta gainera, arriskua ere handia da. Ikasturtean zehar ondorioztatu dugu badaudela autoa baino garraio jasangarriagoak".

Kaleetan "zuhaitz gutxi" daudela ere konturatu dira eta gehienak "oso gazteak" direla. "Naturarekin kontaktua behar dugu, zementu gutxiago eta zuhaitz eta zelai gehiago. Jolastu nahi dugu Naturan". Azkenik, ikusi dute Arrasaten etxe berri asko ari direla eraikitzen "eta gainera, eraikita dauden etxe askotan ez da inor bizi".

Askotariko proposamenak

Etxebizitzaren egoeraren aurrean, ikasleek proposatu dute, besteak beste, etxebizitzen prezioa mugatzea, "pertsona guztiek etxe bat erosteko aukera izan dezaten", eta Udalak laguntzak ematea etxeak alokatzeko.

Natur eta kultur ondarea zaintzeko, berriz, zuhaitz motzak babestea, egur landaketak mugatu eta bertako basoa bultzatzea eta elurzuloak eta karobiak garbitu eta txukuntzea proposatu dute.

Mugikortasun arloan, honako hauek dira proposamenak, besteak beste: garraio publikoa hobetu eta sustatzea; herri barruko bide batzuk oinezkoen kale bihurtzen jarraitzea; haur eta gazteentzako ekipamenduak dauden kaleetatik kotxeak kentzen saiatzea; bidegorri gehiago eraikitzea, "daudenak elkarrekin lotzeko", eta toki aldapatsuetan igogailuak jartzen jarraitzea.

Berdeguneak zaintzeko, erdigunetik gertuago ortu komunitario gehiago ea jarri daitezkeen aztertzea edota auzo guztietan estalitako jolastokiak eraikitzea eskatu dute ikasleek.

Azkenik, hondakinen arazoekin lotuta, zakarrontzi gehiago jartzea eta erreka garbiketak antolatzea proposatu dute.

Konpromisoak ere hartu dituzte

Proposatu bakarrik ez, haiek ere hainbat konpromiso hartu dituzte jasangarritasunari lotuta: "Natura zaindu eta errespetatuko dugu; modu jasangarrian mugitzen saiatuko gara, ez dugu zaborrik botako lurrera, erreka garbiketa eta zuhaitz egunetan parte hartuko dugu...".

Maria Ubarretxena alkateak adierazi du "adi" entzun dituztela ikasleen proposamenak eta "oso baliotsuak" izan direla. "Bilera bat egingo dugu zuekin, zuen proposamenekin zer egin dugun azaltzeko. Martxoan izango da seguruenik".

Era berean, "garrantzitsua" iruditzen zaio alkateari ikasleek konpromisoak hartu izana. "Egunero ikusten dugu zaborra kaleetan eta zabor hori erreketara joaten da, itsasoan amaituz. Beraz, hartzen dituzuen konpromisoak garrantzitsuak dira".

Erreka garbiketa urriaren 15ean egingo dutela ere aurreratu du alkateak. "Beraz, gorde ezazue egun hori zuen agendan, eta han ikusiko dugu elkar".

Bukatzeko, adierazi du arrasatear guztien elkarlana ezinbestekoa dela herri jasangarria izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak