Pandeiretak panderoekin batuko dira domekan

Hasier Larrea 2022ko eka. 10a, 16:22

Laja II eta Lutxurdio (Argazkia: Maxixatzen).

Euskal Herriarekin lotura estua duen Faltriqueira talde galiziarra izango da Arrasateko bigarren pandero jaialdiko gonbidatuetako bat; gainontzeko laurak jatorri euskaldunekoak dira. Emanaldia Amaia antzokian egingo dute, 18:30ean hasita.

Arrasateko Trikitixa Eskolak, Udalarekin elkarlanean, ordu eta erdi inguru iraungo duen jaialdia antolatu du etzirako. Panderoa erdigunean jartzen duten bost talde igoko dira oholtzara, bakoitzak hiru abesti jotzeko. Maixa Lizarribar antolatzaileak Arrasate Irratian adierazi duenez, "gogotsu eta pozik" jaso dute gonbidapena parte hartzaileek.

Lau euskal talde

Hala, panderoa jotzeko hainbat estilo uztartuko ditu jaialdiak. Musika klasiko eta modernoko goi-mailako ikasketak dituzte, esaterako, Iparraldeko Maider eta Jerome Martineau lehengusuek. "Beti ezagutu dugun panderoa jotzeko modua erakutsiko du, berriz, Laja II.a eta Lutxurdio bikoteak". Kopla berriekin etorriko dira, ostera, Imanol, Motriko eta Leturia: "Plaza asko dituzte bizkarrean, trikitilari handien pandero-joleak izandakoak baitira hirurak; gainera, Arrasateri eskainitako kopla bat joko dute", aurreratu du Lizarribarrek. Ekitaldiari dantza ukitua erantsiko diote, gainera, Kimua dantza kolektiboko kideek; Trikitixa Eskolako irakaslearen hitzetan, dantzari "trebeak" dira, "eskarmentu handikoak". Kimuak taldekoek panderoa joz egingo dute dantza oraingoan, eta, besteak beste, Kepa Junkeraren eta Xabi Solanoren ikuskizunetan ibilitakoak dira.

SARRERAK
'ARRASATE.EUS'

ATARIAN DAUDE

ESKURAGARRI, 10

EUROKO PREZIOAN

Faltriqueira, berriz hemen

Galiziarrek ere badakite zer den panderoa astintzea Junkerak trikitia jo bitartean, Maria Lopez taldekideak baieztatu bezala, Euskal Herria eta Galizia artean garatu baitute euren musika ibilbidea. Korrontzi eta Oskorri taldeekin aritu izan dira, gainera, eta Pascal Gaigne zinema konpositorea da euren diskoen ekoizlea. Lopezek sareetan argitaratuak dituzten lanak entzuteko gonbidapena egin du, Gaignek abesti bakoitza film baten mailara igotzen duela argudiatuta: "Koloreak, ñabardurak eta sonoritate goxoak eransten dizkio".

Kantuen kalitatearen meritu handiena, baina, boskotearena da. 20 urte eskasekin sortu zuten Faltriqueira Pontedeume herrian, 2000ko hamarkadan: "Hasieratik izan genuen garapen itzela, eta esku artean itsatsita dugun pandeiretak ireki zizkigun kanpora irteteko ateak. Urteak pasata, amatasuna eta proiektu pertsonalak tarteko, pultsua jaitsi genuen, 2008ko krisiak folk jaialdiak gogor kolpatu zituela ahaztu gabe". Hala ere, inoiz ez diote elkartzeari utzi, "iraungitze datarik gabeko" taldea osatzen dute eta.

Arrasaten hiru kide azalduko dira, eta Galiziako musika tradizionalean inspiratutako abestiak joko dituzte, "maitasuna, askatasuna, bizitza, heriotza eta halako gaiak ikuspuntu humanistarekin" aurkeztuta.

Esku-kolpe berezia

Pandeireta jotzeko modua, bestalde, estilo euskaldunaren kontrakoa da: "Mugimendua eskuin eskuarekin egiten dugu; hau da, pandeireta hartzen dugun eskuarekin. Ezker eskua, berriz, estatikoago dago. Euskal Herrian alderantziz egiten dute, libre dagoen eskuak egiten baitu mugimendua".

Bi herrialdeetako erritmo folklorikoak ere "desberdinak" direla aipatu du Lopezek, hemengoak, "beste arlo kultural askorekin gertatzen den bezala, parekorik ez duela" gaineratuta.

Nolanahi ere, badago oinarrizko zerbait euskal eta galiziar musika tradizionalek partekatzen dutena: lanetik eratorritako kolpeak. "Garia ehotzetik, arropa garbitzetik edota harrobiko harria txikitzetik sortu izan dira erritmoak".

Erlazionatuak

Pandero doinuek girotu dute Amaia antzokia

Eneko Azurmendi Barrena 2022 eka 12 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak