40.700 euro herriko merkatariei digitalizazioan laguntzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 6a, 14:05

Amaia Ceciaga Toki Garapeneko zinegotzia, Jon Apraiz Ibai-arteko kidea eta Maria Ubarretxena alkatea.

Arrasateko Udalak eta Ibai-arte merkatarien elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute herriko saltokiak sustatzeko eta, horren bitartez, 72.000 euroko laguntza emango dio lehenak bigarrenari. Horietatik 40.700 euro izango dira merkatariek digitalizazio estrategia lantzeko eta bide horretan laguntzeko.

Batetik, ohiko hitzarmenari dagokionez, 31.000 euro bideratuko ditu Udalak merkatarien elkartera, 2022an hainbat ekintza egin ahal izateko: Merkemerkaua, moda desfilea, kaleko hainbat kontzertu, ekitaldi kulturaletarako sarrerak, erosketa txartelekin zozketak, Merkataritza Berdearen Astea, Gabonetako kanpaina, fidelizazio kanpaina, 'Erosketak, Nik Arrasaten!' kanpaina, Magialdia, Arrasate Blues eta abar. "Merkatarien elkartea ez dago geldi, gauza asko egiten dituzte eta ulertzen dugu herriarendako oso inportantea dela halako elkarte aktibo bat edukitzea. Azken batean, kaleak bizirik nahi ditugu, herritarrek herrian kontsumitu dezaten", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Bestetik, digitalizaziorako estrategia lantzeko, 40.700 euroko laguntza emango dio Udalak Ibai-arteri. Izan ere, azaldu dutenez, pandemiaren ondorioz "agerian" gelditu dira hainbat aspektu: "Denda txikiak mundu digitalera salto egiteko daukaten beharra, teknologiak aurrera egin duela baina txikizkako denden digitalizazioak abiadura motelagoa daramala eta bezeroekiko harremana garatzeko beharra, besteak beste".

Hori dela eta, 'Arrasateko Merkataritzaren digitalizaziorako estrategiak - 360ºko Estrategia Digitalizaziorako' plan estrategikoa landu dute, Arrasateko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore osoari zuzenduta, ez bakarrik Ibai-arteko bazkideei.

Internet, erakusleiho

Jon Apraiz merkatarien elkarteko kideak adierazi du ez dutela sinisten online salmentetan, "ezinezkoa delako enpresa handiekin lehiatzea". Hori dela eta, azaldu du "produktuak erakusteko eta bezeroak komertzioetara erakartzeko" erabili behar dutela digitalizazioa. "Ez dugu gura 50 denda online izatea eta kaleak hutsik egotea. Alderantziz, Internet erakusleiho bat izan behar da guretzat, eta bezeroak komertzioetara etortzeko balio dezala horrek". 

Horretarako, merkatariak formazio pertsonalizatuak jasotzen ari dira, "bakoitzak ondoen datorkion bidea hartzeko eta dituen beharrei ahalik eta ondoen aurre egiteko". Ideia da komertzio bakoitza modu autonomoan gai izatea bere produktuak online erakusteko. "Horretarako, Ibai-arteren webgunea ere osagarri izango da, lotuta egongo direlako eta batetik bestera bideratuko ditugulako bezeroak". 

Bonu kanpainari ere bultzada

Azkenik, Euskadi Bono-Denda kanpaina martxan da joan den astetik, eta Arrasateko Udalak 30.000 euroko ekarpena egin du. Hori dela eta, Arrasaten 3.000 bonu gehiago daude. "Hala, 5.880 bonu egon dira erabilgarri herrian eta horietatik 3.600 erabilita daude dagoeneko", adierazi du alkateak.

Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira 30 eurotik gorako erosketak egiteko, hau da, %30etik gorako deskontua.

Programa horretako deskontuak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako herritarrek. Bakoitzak gehienez ere bost deskontu bonu batu ahal izango ditu, 50 eurokoak, eta hainbat establezimendutan edo establezimendu bakar batean erabili ahal izango dira, baita erosketa bakar batean edo gehiagotan ere. "60 tokiko merkatarik hartzen dute parte kanpainan eta herritarrak animatu gura ditugu bonuak erabiltzera", dio Ubarretxenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak