Urte osoko herrietako elkarlana eta kultur aniztasuna ospatzeko, ikasturte amaieran Auzoko Eguna antolatzen dute aldiro herri desberdin batean. Herri desberdinetako auzotar eta auzokideak elkartzeko aitzakia izateaz gain, jatorri desberdinak aitortu eta ikusgai egiteko une aproposa bihurtzen da, Euskaltzaleen Topaguneko kideen esanetan.
Aurtengoa Arrasaten izango da, ekainaren 12an eta urte osoan egitasmoan parte hartu duten hamarnaka herritar bilduko ditu Seber Altube plazak. Honako hau da egitaraua:

Bi figura nagusi daude egitasmoan
"Gure herrietako errealitatea kulturanitza eta eleanitza da", azaldu dute Euskaltzaleen Topagunetik. Hain zuzen ere, aberastasun hori ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea da Auzoko egitasmoaren jomuga eta, horretarako, hiru helburu nagusiren bueltan lan egiten dute lan: "Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea, herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea eta euskaraz ardaztutako harremanen bidez elkarbizitzarako eta lankidetzarako sareak eraikiz joatea".
Auzotarrek (auzoko euskaldunak) eta auzokideek (jatorri anitzeko auzokideak) osatzen dute egitasmoa. Auzotarrak dira auzokideen bidelagunak, "euskarara eta euskal kulturara, gure hizkuntza eta bizimodura hurbildu daitezen". Bestalde, auzokideak dira auzotarrei herriko hizkuntza aniztasunera harrera egiten dienak. "Hortaz, esan daiteke Auzoko bi noranzko harrera proposatzen duen egitasmoa dela". Era berean, Auzokon, euskaraz ez dakiena euskarara hurbiltzen saiatzen dira eta hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jartzen.